Alde Zaharrean hondakinen bilketa sistema aldatu egingo du Udalak. Uztailaren 1etik aurrera, astelehenetik, kalean ezingo da zabor poltsarik utzi; hondakin guztiak dagozkien ontzietan sartu beharko dituzte Alde Zaharreko bizilagunek, herriko gainerako kale eta auzoetan egiten duten bezala.
Orain arte, Alde Zaharrean ohikoa zen hondakinak etxe atarietan uztea. Aurrerantzean, ordea, ohituraz aldatu beharrean izango dira bizilagunak. Alde Zaharrean bertan lau tokitan daude gaikako bilketa egin ahal izateko edukiontziak: Artetxe hotela zenaren eraikin aurrean, Enparan kalean (lurrazpiko edukiontziak), Perez Arregi plazan eta Done Jakue kaleko lehen zenbakiaren aurrean. Horietara jo beharko dute Alde Zaharrekoek; zabor poltsak atarietan utziz gero, ez dituzte jasoko.
Ekainaren 20an aurreratu zuen Udalak Alde Zaharrean aldatu egingo zela bilketa-sistema. Orain azaldu dutenez, Udala martxan jartzera doan hondakinen kudeaketarako sistema berriaren lehen faseari dagokio aldaketa. "Azpeitiko birziklapen tasak hobetu nahi badira, hondakinak birziklatzea nahitaezkoa da. Horregatik, Udala martxan jartzera doan hondakinen kudeaketarako sistema berria bi fasetan landuko da, eta lehenbizikoak Alde Zaharrari eragingo dio zuzenean".