Aimar Irigoien nagusi berriro harri txikien Gipuzkoako Txapelketan

Uztarria.eus 2013ko uzt. 1a, 19:12

Errezildarrak aise irabazi zuen igandean Usurbilen jokatutako lehia: 800 kiloko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Izeta III.ari. Aurtengoarekin, zazpi aldiz irabazi du txapelketa.

Aimar Irigoienek zazpigarrenez irabazi zuen atzo, igandea, Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketa (seigarrena iaz lortu zuen). Usurbilen, nagusitasunez gailendu zen errezildar harri-jasotzailea: 800 kiloko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.-ari. Azken horren iloba, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.-a, sailkatu zen hirugarren.

Irigoienek guztira 9.075 kilo batu zituen, 80 altxaldirekin: 32 aldiz berdindu zuen bizkarrean 125 kiloko zilindroa, 22 aldiz 112,5 kiloko kubikoa eta 26 aldiz 100 kiloko bola. Izeta III.ak 8.250 kilo batu zituen eta 7.950, berriz, Izeta IV.ak. Guztira ez ezik, harri bakoitzarekin ere Aimar Irigoien izan zen altxaldi gehien egin zuena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide