Zabalik da ikastaroak emateko eskaera epea

Uztarria.eus 2013ko uzt. 3a, 13:41

2013-2014 ikasturtean ikastaroa eman nahi dutenek, uztaiaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute proposamena, udaleko sarrera erregistroan. Proposamenak jaso ondoren, aurkeztutako proiektuen balorazioa egingo du Udalak. 

Udaleko Hezkuntza Sailak zabaldu du 2013-2014 ikasturtean ikastaroak emateko proposamenak jasotzeko epea. Uztailaren 15a, astelehena, baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak, Udaleko sarrera erregistroan. Proposamenak jaso ondoren, aurkeztutako proiektuen balorazioa egingo du Udalak. 

Aukeraketa fasean sartu ahal izateko, ondorengo balintzak bete behar dira:

  • Ikastaroa emango duenak, lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazio egokia, edota horretan lan esperientzia duela frogatzen duten agiriak izatea. 

  • Zerbitzu hori herrian beste leku batean ez eskaintzea.

  • Udaleko sail bateko helburuekin bat egitea.

Udalak jakinarazi duenez, interesa dutenek eskaera orria beteta eta txosten batekin lagunduta aurkeztu beharko dute. Txostenean ikastaroaren nondik norakoak azaldu behar dira. Txostenak honako atalak jaso beharko ditu, gutxienez: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta irakasleak (edo irakasleek) gaia ezagutzen duela agertzen duen dokumentazioa (heziketa agiriak, lan eskarmentua, eta abar).

2012-2013 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenek, orain arteko proiektuarekin jarraitu nahi badute, ez dute txostena aurkeztu beharko; eskaera orria baino ez dute bete beharko. 

Informazio gehiago jaso nahi duten herritarrentzat, telefono zenbaki hau eskuragarri jarri du Udalak: 943 15 79 28.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide