Lander Lasa eta Beñat Barberena Euskal Selekzioarekin

Lasa, Barberena eta Zubizarreta. (ISB)

Imanol Zubizarretak ere Pablo Lasoren esanetara entrenatu du, nahiz eta ez den Tunezerako deialdian sartu.

Urtero legez Euskadiko Saskibaloi Selekzioak bira bat egingo du udan. Aurtengoa egun hauetan izango da, Tunezen eta Afrikako txapeldunaren aurka jokatuko dute. Aurreko urteetan bezala Pablo Laso Real Madrileko entrenatzailea eta aurtengo Endesa ligako txapelduna izango da entrenatzaile eta bertan Javi Salgado, Ricardo Uriz edota Urko Otegi bezalako jokalariak egongo dira. Horiekin batera aurten Azpeitia Azkoitia ISBn jokatu duten Lander Lasa eta Beñat Barberena egongo dira. Bai bata eta baita bestea ere ohiko bihurtu dira Euskal Selekzioaren deialdietan eta aurten ere ez dute huts egingo.

Lander Lasak 11,1 puntu, 3,5 errebote eta 8ko balorazioa lortu du batez beste Iraurgiko kamisetarekin aurten eta Beñat Barberenak, 5 puntu, 3,5 errebote eta ia 6ko balorazioa. Euren taldekideekin batera gaur bertan abiatu dira Tunezera eta bi neurketa jokatuko dituzte bertako selekzioaren aurka. Bata bihar, ostirala, eta bestea igandean.

Bira hau ahalik eta hoberen prestatzeko asteartetik egon dira Bilbon kontzentraturik. Eta bertan izan da baita ere Iraurgiko beste jokalari bat: Imanol Zubizarreta. Joko antolatzaile azpeitiarra entrenamenduetan laguntzeko deitu dute eta nahiz eta Tunezerako deialdian ez den sartu, Euskal Selekzioarekin entrenatzea zer den ezagutu du.

Zorionak hirurei!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide