Astelehenean, uztailak 15, hasiko dira indusketa lanekin Munoaundin, Azkoitia eta Azpeitia arteko Burdin Aroko aztarnategian. Arrastoen bila jardungo duten zortzigarren urtean, hogei arkeologo boluntariok egingo dute lan bertan. Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduta, Iraurgi Lantzen garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen finantziazioari esker egingo dituzte lanak.
Sonia San Jose indusketen zuzendariak azaldu duenez, hiru aste osoz, abuztuaren 3a bitartean, egingo dituzte indusketak, eta bi eremu aztertuko dituzte. 2008an sarbidea zena eta bi dorre aurkitu zituzten Munoaundin, baina oraindik planoa osatzeke dago. Hori da aztertuko duten lehen eremua, "sarreraren eta harresiaren aztarna gehiagoren bila" segituko dute. Bigarren eremua, berriz, hego-mendebaldekoa da. Orduko etxebizitzak eta bizimodua ezagutzeko asmoz, eremu horretan ehun metroko koadroa zabaldu zuten aurreko urtean. "Hasi besterik ez" ziren egin ordea, ez baitzuten etxebizitzarik aurkitu. Aurten iazko lanekin jarraituko dute, beraz.
Aterpea ikastolan
Aurten, Xabier Munibe Ikastolako areto batean pasatuko dituzte gauak arkeologoek lanean arituko diren hiru asteetan. Aurreko urteetan Kukuerri aterpetxean egin zuten egonaldia.