Sahatsa eta Organik taldeen txanda Azpeitia Dantzan-en

Sahatsa dantza taldea.

Sahatsa dantza taldeak bihar (zapatua) eskainiko du Sahatsa tradiziozko dantza eta doinuetan ikuskizuna, Soreasu Antzokian, 22:00etan. "Betiko geureak ditugun dantzetan eta doinuetan oinarrituta" prestatutako dantzaldia da. Igandean, aldiz, Organik taldeak ahari-jokoan inspiratuta dagoen lana erakutsiko dute, Plaza Nagusian, 19:30ean.

Azpeitia Dantzan programarekin jarraituko dute asteburu honetan ere eta bi emankizun izango dira ikusgai,  zapatu eta igandean banatuta. Lehenengo herriko talde bat ariko da: "Azkeneko urte batzuetan kreazio berriekin aritu bagara ere buru-belarri lanean, oraingoan tradiziozkoekin osatu dugu ikuskizuna, eta oso gustura eta giro onean gabiltza prestatzeko lanetan". Sahatsa dantza taldea buru-belarri dabil lanean. Sahatsa tradiziozko dantza eta doinuetan izeneko dantzaldia egingo dute bihar "izenburuak dioen bezala, betiko geureak ditugun dantza eta doinuekin". Bi zati izango ditu: lehenengoa, "Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako jautsi, makil joko, kontradantza eta maskaradekin hasita, Nafarroan barna, Orbaizetatik Baldorbara pasako da bere doinuetan oinarritutako abestiez gozatzeko" eta bigarrena "Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzari-dantza, brokel joko eta aurreskuarekin jarraituz, Euskal Lurra bustitzen duen kantauri itsasaldeko pasadizo eta dantza tradizional, eta geurea den erromeri alaiaz osatuko da". Soreasu antzokian, 22:00etan hasiko da.

Esan bezala, gogor ari dira lanean eta dagoeneko itxita dituzte beste data batzuk ere: "Mendaron uztailaren 25ean egongo gara eta Hazparnen abuztuaren 31n, bertako Gaztetxeak antolatu duen euskararen egunaren programazioaren barruan".

Ahari-jokoak dantza bihurtuta

Euskal Herriko herri-kirol batean oinarrituta dagoen lana aurkeztuko dute igande honetan Organik Dantza Antzerki taldekoek: ahari-jokoan. Bi aharien arteko borroka abiapuntu hartuta, bi ahariak aurrez aurre jarri, indarra hartzeko atzera egin, burua makurtu, adarrak tente jarri eta borroka nola egiten duten ikusita, zaletasun honek sortzen duen dibertsioaren inguruan hausnartzea proposatzen dute. 

Plaza Nagusian izango da, lurraren arrasean. 30 bat minutuko iraupena du. 19:30ean izango da.

---

Sahatsa Dantza Taldea. Sorrera: 1976. / Azpeitiko eta Azkoitiko lagunez osatuta dago, eta euskal folklorea ezagutaraztea eta zabaltzea du helburu nagusia. Azkoitiko Baztartxo antzokian du entseguen egoitza. / sahatsa.com/ Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide