Garapen Agentziek irudi bateratua aurkeztuko dute gaur, Kudeaketa Topaketetan

Uztarria.eus 2013ko uzt. 17a, 12:06

Kudeaketa Topaketak egino dituzte enpresek, ikastetxeek eta erakundeek Loiola Berrikuntza Fundazioaren egoitzan.

Loiola Berrikuntza Fundazioak Azkoitian duen eraikinean XI. Kudeaketa Topaketak egingo dituzte gaur, asteazkena. Bailarako erakunde, enpresa eta ikastetxetako ordezkariak elkartuko dira bertan, Urola Erdiko egoera ekonomikoaz hausnartzeko eta ekintza planak adosteko asmoz. Horrez gain, Loiola Berrikuntza, Iraurgi Lantzen eta Ezagutza Gunea fusionatu eta sortuko duten irudi bateratua aurkeztuko dute.

09:00etan hasi dira topaketak, horien helburuak azaleratuz. Gero, Loiola Berrikuntzaren 2012-2013ko proiektu estrategikoak azalduko dituzte Ezagutza Guneako koordinatzaileak eta teknikariak. Gipuzkoako garapen ekonomikorako ekimenak jorratuko ditu 09:25ean Jon Peli Uriguen Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatuak. Ondoren, eskualdearen egoera eta sustapen ekonomikorako ekintzak azalduko dituzte Iraurgi Lantzeneko eta Loiola Berrikuntzako zuzendari diren Jesus Agirrek eta Begoña Beobidek. 10:15ean, irudi bateratuaren aurkezpena egingo dute Azpeitiko eta Azkoitiko alkate Eneko Etxeberria eta Pello Bastarrikak.

11:00etan jarraituko dute jardunaldiek, eta orduan sustapen ekonomikorako ekintza lerroak kontrastatuko dituzte bertaratzen direnen eragileekin; ekimena ixteko, ondorioak aterako dituzte guztien artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide