Egur hau gogorxeagoa da

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 17a, 18:11

Egurra ta Kitto talde azpeitiarra zuzeneko emanaldian, Orkatzen.

Egurra Ta Kitto taldea punk-rockera gerturatu da Zuentzat disko berrian, ohiko ukitu dantzagarriak galdu gabe.

Egurra Ta Kitto talde azpeitiarraren ibilbidea aurrera doa, abiada bizian, eta dagoeneko hirugarren lana kaleratu dute. Oraingo honetan, ordea, aldaketa eman dute, musikalki proposamen gogorrago baten alde eginez. "Punk-rockera gerturatu gara", aditzera eman du taldeko gitarrista Orhantza Alegriak. "Lehen diskotik bigarrenera jauzi bat eman genuen, baina ez ginen oso gustura geratu, eta orain gehiago sakontzea erabaki dugu. Uste dugu lortu dugula. Gu inoiz baino gusturago geratu gara, gure estiloa gehiago finkatu dugulako edo nahi dugun horretara gehiago iritsi garelako". Punk-rocketik asko badu ere, ez dituzte haizezko musika tresnak baztertu. "Ska edo ukitu dantzagarri hori mantendu nahi izan dugu".

Orain arte diskoko abesti baten izena erabili izan dute izenburua jartzerakoan. Kasu honetan, ordea, zerbait orokorragoa bilatzen saiatu dira. Zuentzat izenburuarekin argi eta garbi dago eskaintza bat egiten dutela. "Gure ikusle, jarraitzaile eta ondoan izan diren guztientzat da, baita abesti ezberdinetan hizpide izan ditugunentzat ere; besteak beste, herri harresian parte hartu dutenentzat eta Hego Ameriketan iraultza aurrera eramaten ari direnentzat. Beste mundu hobe baten alde lanean ari diren denentzat, azken finean", azaldu du gitarra-jotzaileak.

Erreportajea osorik irakur daiteke Urola Kostako Hitza-n, paperean eta webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide