Hilaren 26an bukatuko da Bakailao Txapelketan izena emateko epea

Uztarria.eus 2013ko uzt. 19a, 12:27

Atzoko aurkezpeneko une bat.

Izena emateko herriko hainbat tabernatan dauden inskripzio orriak bete eta udaletxean aurkeztu edo 943 15 70 68 telefonora deitu beharko dute herritarrek. Abuztuaren 1ean izango da txapelketa, 11:00etatik aurrera plazan.

Bosgarren urtez jarraian Bakailao Txapelketa antolatu du Haujijijai! Batzordeak, abuztuaren 1erako, saninazio bigarrenerako. Antolatzaileen arabera, "denbora gutxian erreferentzialtasun handia hartu du zalantzarik gabe. Gainera, txapelketa horrek, Azpeitiko plazan belaunaldi ezberdinetako herritarrak biltzeko aitzakia ederra jarri du":

Txapelketan sukaldari profesionalek ez beste edonork har dezake parte, eta bi edo hiru kideko taldeak osatu beharko dituzte. Aurten ere "urte guztian etxeko sukaldean lanean aritzen diren emakumeei dei berezia" egin diete animatu eta parte hartu dezaten.

Parte hartzaileek 10:45ean plazan egon beharko dute, eta 11:00etan hasiko da txapelketa. Txapelketa ikustera bertaratzen direnentzat hamaiketakoa eta txotxa izango dira plazan bertan. Behin txapelketa bukatuta, bazkaria egingo dute Berdura Plazan, eta 200 bat lagunentzako lekua egongo da. Bazkarirako sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira.

Azpiegitura eta osagaiak

Bakailaoa prestatu ahal izateko sua eta mahaiak Haujijijai! Batzordeak jarriko ditu. Sukaldeko ontziak (lurrezko ontzia, tartean), berriz, norberak eraman beharko ditu. Osagaiei dagokienean, jai batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa banatuko ditu parte-hartzaileen artean. Beste osagairen bat erabili nahi izanez gero, norberak eraman beharko du.

Prestatu beharrekoa

Partaide bakoitzak kilo bat bakailao prestatu beharko du, pil-pil erara. Parte hartzaile guztiak bi minututik bi minutura hasiko dira bakailaoa prestatzen, eta 40 minutu izango dituzte prestaketa lanetarako. Norberak prestatutako bakailaoa etxera eraman nahi duenak 60 euro ordaindu beharko ditu. 

Epaimahaia

Sukaldari profesionalak, herritarrak eta gonbidatu bereziak izango dira epaimahaikideak, eta bakailaoaren aurkezpena, saltsaren puntu egokia eta zaporea hartuko dituzte kontuan.

Izen ematea eta sariak

Uztailaren 26a, ostirala, izango da izena emateko azken eguna. Herriko tabernetan eman ahal izango da izena, eta tabernetako izen-emate orriak udaletxera eraman edo 943 15 70 68 telefonora deitu behar da. 

Sariak honakoak izango dira:

.1. sailkatua: txapela + lau lagunentzat otordua.

.2. sailkatua: bi lagunentzako otordua.

.3. sailkatua: 2,5 kilo txuleta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide