Baltsa jaitsiera jendetsua

Uztarria.eus 2013ko uzt. 20a, 15:43

Gaur, zapatua, baltsa jaitsierarekin hasi dute Gaztetxearen zortzigarren urteurren festa. Eguraldia lagun, hamasei baltsak hartu dute parte azken urteetan indarra hartzen ari den zitan. 11:00ak pasatxoan jarri dituzte baltsa guztiak ikusgai plazan, eta 12:00etan suziriarekin eman diote hasiera baltsa jaitsierari. Berdura plaza ondotik abiatu dira parte hartzaile guztiak, eta Madalena pareraino joan dira batzuk baltsa gainean eta besteak tiraka, ahal zuten moduan. Plaza ingurua eta Zelai Luze aldea jendez lepo egon dira jaitsieraren unean.

Guztira hamasei baltsa ibili dira Urola ibaian barrena. Erromatarrak, galiarrak, Urola treneko bidaiariak, patata-saltzaileak, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Frantziako Tourra eta abar irudikatu dituzte parte hartzaileek. Hazparneko Ttattola gaztetxeko kideak ere izan dira aurtengo baltsa jaitsieran parte hartzen. Gainera, Enparan Dorretxeko zubiaren parean bizardun arrantzaleak agertu dira, eta kanaberaren laguntzarekin ikurriña zabaldu dute ibaiaren gainean.

Baltsa jaitsiera bukatu da, baina egun osoko egitaraua prestatu dute gaztetxekoek. Hemen ekimenen ordutegia:

14:30ean bazkaria gaztetxean.

17:00etan kalejira eta ur-jolasak.

Ondoren, pintxo-jana gaztetxean.

22:30ean kontzertuak: Ritmo Callejero (rumba) eta Ezten Giro (erromeria).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide