LAB sindikatua Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa desagerraraztearen kontra dago

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 22a, 13:08

Patronatuko kideei desagarrarazteko erabakia "atzera bota" dezatela exijitu die sindikatuak, "lanpostuak bermatuz, Museoaren aldeko benetako apustua egin eta horretarako beharrezkoak diren pausu guztiak eman ditzatela" eskatuz

Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desagerraraztearen kontra azaldu da LAB sindikatua. Horregatik, Fundazioa kudeatzen duten Patronatuko kideei desagarrarazteko erabakia "atzera bota" dezatela exijitu die sindikatuak, "lanpostuak bermatuz, Museoaren aldeko benetako apustua egin eta horretarako beharrezkoak diren pausu guztiak eman ditzatela" eskatuz. Azpeitian kokatuta dagoen Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa kudeatzen duen Patronatuak ekainaren 26ko bileran, krisia dela eta aurrekontua murriztu eta Fundazioa desagertzeko erabakia hartu zuela azaldu zuen, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa berriro EuskoTrenen parte izatera pasatuz. Fundazioaren Patronatuko buru Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila da. Fundazioaren Patronatuaren erabaki hori salatzearekin batera LAB sindikatuak bere "kezka" azaldu du.

LABen iritziz Fundazioa desegiteko hartutako erabakia "ikuspuntu estrategiko batetik akatsa da, eta beste hainbatetan bezalaxe krisiari erantzuteko orduan egungo instituzioen noraeza erakusten duena". Burdinbidearen Museoaren proiektua indartzeko Fundazio bat sortu, diru publikoa inbertitu, proiektua martxan ipini eta bi urteren buruan bera desagertzeko erabakia hartzea "onartezina" da. LABen arabera, "proiektu berria oraindik garatzen ari da eta egindako inbertsioen emaitzak ikustear daude eta horrelako erabaki batek bi urteotan egindakoa "ezerezean" uzten du. Azken batean, egoera PSEren eta EAJren arteko "botere lehiak" eragin duela uste du sindikatuak.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide