Pape Sow da Iraurgi SBko hegal-pibot berria

Cajasoleko harrobian hezia, senegaldarrak ondo ezagutzen du Zilarrezko LEB liga.

Kanpoko jokoa ia guztiz osatu eta gero, barruko jokoa osatzeari ekin dio Iraurgi SBk. Orain arte Beñat Barberena bakarrik zegoen postu horiek betetzeko. Dagoeneko badauka bere postuan taldekide bat: Pape Amadou Sow (1993/12/04 – 2.05m).

Ziguinchor-en jaioa, Senegaleko hegoaldean, 2007an heldu zen Sevillara Cajasoleko kadete mailako taldean aritzeko. Bertako harrobiko jokalari garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, hegaleko eta hegal-pibot posiziotan min egin zezakeelako bere azkartasunarekin. Horrela erakutsi zuen 2010eko Hospitaleteko NIJT txapelketan, partiduko 14’3 puntu sartuta, 7’3 errebote eskuratuta eta 16’8ko balorazioarekin amaituta bataz beste. Junior mailan zegoela Zilarrezko LEB ligako taldearekin partidu batzuk jokatzeko aukera izan zuen eta senior mailara saltoa eman behar zuenean Bartzelonak fitxatu zuen bere bigarren talderako, Zilarrezko LEB ligan jokatzeko baita. Iaz berriz, Avilan jokatu zuen maila honetan eta taldeko seigarren jokalari bihurtu zen bere 6’8 puntu eta 4’8 erreboteekin partiduko. Baina arazo pertsonalak argudiatuz, taldea utzi eta Ferrolen jokatzen amaitu zuen denboraldia.

Erasoan iaioa da distantzia erdiko jaurtiketetan, nahiz eta hiruko marratik ere min egin dezakeen eta horregatik hegaleko posizioan joka dezake. Bere altuera baliatuz gainera, kontrarioak estutasunetan jartzeko aukera izaten du. Hala ere, defentsan dauka bere indarra, bere jausiekin eta gorpuzkerarekin aurkariak izutzeko sekulako abilezia baitauka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide