EAJren erantzuna: Azpeitiko EH Bilduri, eta Julian Unanueri

Pello Elorza (Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren izenean) 2013ko ira. 3a, 13:57

Azpeitiko EAJren erantzuna Azpeitiko EH Bilduren iritzi artikuluari (2013ko irailak 3):

Ez, dena ez da baliozkoa politikan. Eta inoiz ez da izan gure estiloa. Herriaren aldeko lanean besteekin izan ditugun ezadostasunak beti hitzaren bidez agertu ditugu. Marra gorri bat dugu: besteekiko errespetua, eta beti gorde dugu. Ezin hori esan zuen koalizio horretako batzuek. Gogoratu EAJko eta beste alderdi batzuetako zinegotziei egindako mehatxuak, edota "sinadurarik gabeko" pintadak, kartelak, pankartak, eta plenoetan, "herria" eramanaz, egindako presioak. Errespetua desberdinarentzat? Ba, hasi ikastaro trinko bat ematen zeure koalizioan.

Abuztuaren 1ekoa ez zen errespetuzko jarrera izan, ez "desberdin pentsatzen" zuten batzuen adierazpen demokratikoa. Pertsonak iraintzea onartezina da, bai joko politikoan, bai bizitzako edozein arlotan. Salatu ordez, "adierazpide demokratikoa" dela esan duzue.

Corrugadoseko langileak ez ditugu manipulatu, ezta Etxerateko kideen nahiak mozorrotu ere. Esan duguna da lehendakariarengana joan zirela beren eskariekin (errespetuz, eta ez irainka eta oihuka), eta ez diputatuarengana edo alkatearengana. Hor ikusi zela bakoitzari dagokion estatusaren neurria.

Bozeramaileei alkateak mezu elektroniko bat besterik ez zien bidali. Hitzez hitz: "Gaur, gertaera ikusteko aukera izango zenuten. Lehendakaria ta gu pasatzean payasos deitu zigutek. Lehendakaria jiratu da (ta hitz gogorragoak tartean). Urtero egoten dituken gaupasareok izan dituk (kanpokoak esan didatenez). Urkulluri galdetu ta ezin dekela onartu esan zidak, herriko ordezkariak gaitukela pertsonaz gain. Hor utzi diagu. Nola ikusten dezute?". Punto. Zer esan nahi zuen? Komunikatu bat atera-tzeko prest zegoela? Ez du horrelakorik aipatzen. Ez zen bera aurreratu, gaitzestera. Bozeramaileen postura jakin nahi zuen, eta kito? Bilerarik ez zuen deitu. Bestalde, 25 egun behar izan dituzue "herritar orok merezi du errespetua" esateko.

Errespetua, bai. Iritzi desberdinak onartzea, bai. Baina gizalegezko hitza erabiliz, ez irainak eta deskalifikazioak, ezta mehatxuak, kartelak eta pankartak ere. Gizalegearen plazan elkar ikusiko dugu. Ez inposizioan eta jarrera antidemokratikoetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide