Diru kopuru berdina, gutxiagorentzako

Uztarria.eus 2013ko ira. 4a, 15:10

Uztarriak Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren ebazpena jaso du.

Iaz, Eusko Jaurlaritzak 13.545 euro eman zizkion Uztarria Komunikazio Taldeari, orotara. Aurten, oraingoz, aldizkariari dagokion ebazpena kaleratu du eta 9.279 euro jasoko ditu, iaz baino 625 euro gehiago. Webguneari dagokion ebazpena ez dute kaleratu oraindik. Oro har, iazko diru kopuruari heldu dio Jaurlaritzak, baina hainbat komunikabidek, Uztarria tartean, diru gehiago jaso dute, beste hainbat hedabide aurrera egin ezinda gelditu delako.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideentzako diru laguntzen ebazpena jakinarazi du. Iazko diru kopuruari heldu dio, baina hainbat komunikabide aurrera egin ezinik gelditu denez, hedabide batzuek diru gehiago jaso dute. Horietako bat da Uztarria Komunikazio Taldea. Iaz herri aldizkariek diru laguntzetan %12ko murrizketa jasan zuten, eta guztira 13.545 euro jaso zituen komunikazio taldeak. Horietatik 8.654 euro aldizkarirako jaso zituen Uztarriak. Aurten, berriz, 9.279 euro jaso ditu. Oraindik ez dute jakinarazi webguneari dagokion diru laguntzaren ebazpena (iaz 4.891 euro jaso zituen).

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean plazaratu zuen herrialdeko hedabideentzako diru laguntzen ebazpena. Uztarria Komunikazio Taldeak iaz baino 4.866 euro gehiago jasoko ditu; orotara 13.936 euro (iaz 9.070 euro). Aldizkariak 8.142 euroko laguntza izango du, Uztarria.com webguneak 4.136 eurokoa eta euskalgintzari dagozkion Uztarriaren proiektuek 1.658 eurokoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide