"Talde oso gaztea eta esperientzia gutxikoa" du aurten Lagun Onak futbol taldeak Espainiako Hirugarren Mailan. Hala jakinarazi dio futbol taldeak Uztarria.com-i. Duela bi asteburu hasi zen Espainiako Hirugarren Mailako liga, eta bi partida jokatu eta biak galdu ditu Lagun Onakek.
Aurreneko partida Balmasedaren kontra jokatu zuten, eta 2 eta 0 galdu zuen azpeitiar taldeak. Pasa den asteburuan jokatu zuen 2013-2014 denboraldiko etxeko aurreneko partida Lagun Onakek, eta 0 eta 2 nagusitu zen Gernika. Liga hasi besterik ez da egin, eta azken bigarren postuan dira azpeitiarrak. Futbol taldeak azaldu duenez, "denboraldiak aurrera egin ahala emaitza hobeak iristea espero dugu". Asier Olaizolaren mutilek asteburu honetan jokatuko dute ligako hirugarren partida, 18:00etatik aurrera, Durangon.
Oraindik ez dute golik sartu azpeitiarrek; aitzitik, lau jaso dituzte. Aurrelari baten beharra azpimarratu du Lagun Onakek: "Taldea ez dago itxita. Beste pare bat jokalari nahi ditugu. Aurrelari bat bai, behintzat. Golak sartzen dituen aurrelari bat. Saiatzen ari gara, baina dirurik ez dagoenez oso zaila da. Dena den, fitxaketen epea urtarrilaren 31n bukatzen da".
Dena den, "beterano asko min hartuta daude oraindik, eta horien esperientzia garrantzitsua izango da taldearentzat", esan dute. "Gainera, lesio luze baten ostean, Josu Aranburu erdilaria hasi da lagunarteko norgehiagoka batzuk-eta jokatzen. Aranburu osatzen bada, bera izango da fitxajerik onena, eta aipatzekoa da futbolean jarraitzeko egin duen esfortzua".
Taldearen jokatzeko moduari dagokionez, "talde polita, baina beste urteetan bezain gogorra ez" dela azaldu dute: "Baloia hobeto erabiltzen dute, eta hori ikusi da denboraldi aurretik jokatutako lagunarteko partidetan eta liga hasieran, baina taldea ez da beste urteetan bezain gogorra, eta oreka bilatu behar da bi horien artean. Gainera, nolabait esateko, aldaketa prozesuan dago Lagun Onak; lehengo jokalari asko falta dira, eta berri asko ditugu".
Lagun Onak futbol taldearen helburua azpeitiar eta, oro har, gipuzkoar gazteei Espainiako Hirugarren Mailan "jokatzeko aukera ematea" da.
Hemen Lagun Onakeko Hirugarren Mailako taldeko jokalarien zerrenda:
Jarraitzen duten jokalariak:
- Iñaki Olaizola (Atezaina)
- Julen Egaña (Atzelaria)
- Julen Goikoetxea (Atzelaria)
- Hodei Tena (Atzelaria)
- Josu Aranburu (Erdilaria)
- Julen Aranburu (Erdilaria)
- Ruben Aranburu (Erdilaria)
- Oñatz Elustondo (Erdilaria)
- Alex Altolagirre (Erdilaria)
- Julen Santesteban (Erdilaria)
Jokalari berriak:
Etxekoak:
- Eneko Ansola (Erregionaletatik igo da)
- Aitor Zabala (Erregionaletatik igo da)
- Mikel Agirre (Erregionaletatik igo da)
- Joanes Otamendi (Erregionaletatik igo da)
- Alex Aizpuru (Jubeniletatik igo da)
Gainerakoak:
- Andoni Errasti (Eibarreko jubenilen taldetik etorri da atezaina)
- Ander Olaberria (Eibarreko jubenilen taldetik etorri da atzelaria)
- Iñigo Celigueta (Antiguokoko jubenilen taldetik etorri da atzelaria)
- Juanma Iparragirre (Eibarreko jubenilen taldetik etorri da erdilaria)
- Maikel Oriang (Antiguokoko jubenilen taldetik etorri da aurrelaria)
- Jokin Gorostola (Eibarreko jubenilen taldetik etorri da atzelaria)
- Iker Uribarren (Arrasatetik etorri da erdilaria)
Bajak:
- Josu Diez (Erregional taldean izango da)
- Sebas (Talderik gabe gelditu da)
- Unai Etxeberria (Futbola utzi du)
- Hodei Mendinueta (Amorebietara joan da)
- Alain Guridi (Futbola utzi du)
- Jon Arrue (Erregional taldean izango da)
- Gorka Luariz (Laudiora joan da)
- Javi Palacios (Futbola utzi du)
- Aitor Arregi (Getariako Keta-ra joan da)