30 ekitaldi baino gehiago izango dira Azoka Herritik-en baitan

Uztarria.eus 2013ko ira. 9a, 12:15

Azoka Herritik-en parte hartuko duten herritar eta eragileetako ordezkariak, zapatuan, Sanagustin kulturgunean.

Zazpi zatitan banatuko da azoka, eta programazioari dagokionez, ikuskizunez gozatu eta tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango da hilaren 20tik 22ra bitartean. 

Hilaren 20an, 21ean eta 22an Azoka Herritik ekimenak hartu du Azpeitia. Herriko ekonomia sustatzeko helburuarekin antolatu dute azoka, eta "Azpeitian bizitzeko, kontsumitzeko, lan egiteko eta gozatzeko modu berri bat antolatu nahi izan dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Hori dela-eta, hilaren 20an, ostiralean, hasita, zazpi sektore desberdin jasoko ditu azokak bere baitan: "Guztira, produktu desberdinez osatutako 120 salmenta postu izango dira. Alde Zaharrean bost gune desberdin (plaza nagusia, Plaza Txikia, Olazko Andre Mariaren Plaza, Done Jakue kalea eta Perez Arregi plazatxoa) osatuko dira, eta programazio zabalarekin lagunduta, asteburuan itxuraz eta edukiz aldatzen joan da azoka".

Zazpi sektoretan edo zatitan banatuko da azoka:

- Azpeitiko nahiz Urola Kostako ia 30 baserritar eta ekoizlek beraien produktuak jarriko dituzte salgai.

- Herriko taldeek antolatutako erakustazoka izango da zapatu arratsaldean. Guztira, herriko 25 bat taldek hartuko dute parte, eta kirolean, kulturan, gizartean, ekonomian... egiten duten lanaren berri eman eta daukaten materiala salgai jarriko dute.

- Hemen bertan eta usadiozko erara egindako eskulanen azoka jarriko dute 30 artisau inguruk igandean.

- Elkar-ekin taldearen eskutik bigarren eskuko azoka izango da zapatu eta igandean, Done Jakue kalean.

- Bertan Merkatari Elkarteak bultzatuta, herriko dendarien stock-a izango da. 30 bat merkatarik hartuko dute parte.

- Plaza Txikian kultur azoka osatuko dute herriko kultur taldeek. Hala nola, musika instrumentuak ezagutu, arte eta diseinuan egiten diren obrak ikusteko, eta aintzinako zibilizazioaz ikasteko aukera izango da arkeologoekin.

- Ingurugiroarekiko errespetuan, langileekiko begirunetan eta giza baloreetan ekoitzitako produktuak jarriko dituzte salgai bidezko merkataritza sustatzen duen herritar talde batek.

Programazioari dagokionez, berriz, ikuskizunez gozatu eta tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango da Azoka Herritik-en baitan. Modu horretan, ostiraletik igandera bitartean 30 ekitaldi baino gehiago aurreikusi dituzte:

- Inguruko baserrietako animaliak ikusi ahal izango dira; hegaztien hegaldiez edo ardi txakurren erakustaldiaz gozatu ahalko da.

- Bertako produktuekin egindako sagar pastel erraldoia banatuko da herritarren artean.

- Eragile desberdinek antolatuta, ikastaroak izango dira: baratza ekologikoen tailerra, artisautzakoa, akeologiakoa...

- Asteburu osoan haurrentzako jolas parkea egongo da Olazko Andre Mariaren plazan.

Datozen egunetan jarriko dugu egitaraua eskuragarri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide