Botiken berrordainketaren kontrako elkarretaratzea egingo dute ostegunean, plazan

Uztarria.eus 2013ko ira. 11a, 20:24

Gipuzkoako Jubilatuen elkarteak lurraldeko herri guztietan deitu ditu kontzentrazioak, 19:00etan, eta Baigera Azpeitiko Jubilatuen Elkarteak bat egin du deialdiarekin. Herriko jubilatu guztiei dei egin die parte hartzera eta idatzi bat ere plazaratu dute, gobernuek ezarritako murrizketak azalduz eta kritikatuz.

Bihar, osteguna, botiken berrordainketaren kontrako elkarretaratzeak egingo dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, baita Azpeitian ere. Gipuzkoako Jubilatuen Elkarteak lurraldeko herri guztietan deitu ditu kontzentrazioak, 19:00etan, eta Baigera Azpeitiko Jubilatuen Elkarteak bat egin du deialdiarekin. Hitzordua plazan izango da, udaletxearen aurrean.

Herriko jubilatu guztiei dei egin die Baigerak parte hartzera eta idatzi bat ere plazaratu dute, gobernuek ezarritako murrizketak azalduz eta kritikatuz. Hau da, hain zuzen, Baigeraren idatzia:

"Bistakoa da Espainiako gobernua edozer gauza egiteko gai dela banku handiei dirua emateko. Izan ere, orain arte erabili duten eredu finantzarioak porrot egin die, estatua bera ere kinka larrian jarriaz. Maileguetan baitzegoen oinarritua: eraikuntzan (azpiegitura eta adreiluan) alegia, banka-eredu espekulatiboan. Horrek ekonomiaren sektore guztiak jarri ditu kolokan.

Hartzen ari diren neurriek ez dute beste helbururik: enpresa farmazeutiko multinazional eta banka-etxe handiei diruz laguntzea baino. Horrela, osasungintza pribatizatzeko bidea irekiz. Biharko gure jubilazioko osasungintza eta pentsioa zalantzan jarriz. Pentsioa eta osasun zerbitzua, dirua dutenentzat bakarrik izateko arriskua ezarriz, osasuna negozio handi bat bilakatuz.

Neurriak azken urte hauetan asko zigortua izan den giza taldeari eragin dio zuzen zuzenean, jubilatuari eta pentsiorik baxuena duen jubilatu-taldeari gainera. Hauek baitira osasun arloan kontsumitzailerik handienak, horrela gobernuak onura tasa handiagoak lortuko ditu.

Krisi egoeraz aprobetxatzen ari dira, langabeziaren xantaiaz baliatuz, neurriok aplikatzeko. Jubilatuok pribilegiatuak garela sinistu arazi nahi izan digute pentsioa kobratzen dugulako, geure eskubidea izan ez balitz bezala, hainbeste kostata geuk kotizatu ez bagenu bezala. Zeren jubilatuoi inork ez digu ezer oparitu.

Aitzitik, langabeziaren ondorioz sarri askotan jubilatuen pentsioak ari dira familia askotako sostengu bilakatzen. Familia osoaren zama adinekoek bizkarrean kargatuz.

Bestalde, gure pentsioak debaluatu egin dira azken urte hauetan, alegia, bizitzeko oinarrizko diren baliabideak (argindarra, ura, telefonoa...) garestitu diren neurrian ez dira pentsioak igo, erosteko ahalmena galdu egin dugu horrela.

Orain, gaizki deitutako 'kopagoa' ezarri digute, zeren hori berrodainketa da (bi aldiz ordaintzea). Lehen zergak kendu zizkiguten botikak doan izateko eta orain berriro ordaintzea eskatzen digute. Urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten duenak botiken %10 ordaindu beharko du, gehienez hileko 8 euro arte. Diru sarrera 18.000 euro baino handiagoa bada, ordaindu beharreko muga 18 eurokoa da.

417 botiken %100a ordaindu beharko dugu. Antiinflamatorioak, ultzera, tronbosia, hernia, eta gripearen kontrako botikak dira, edadean aurrera doazenak gehien erabiltzen dituztenak. Mendekotasuna dutenen zerbitzuak, errehabilitazio, kimioterapia edo dialisietara joateko anbulantziak kendu dituzte. Baita gurpil-aulki, makulu eta produktu dietetikoen erabilera ere. Ondorio larriena, nabarmen jaitsiko da adinekoen bizi kalitatea eta bizi itxaropena, askok botikak hartzeari utziko baitio bere osasuna arriskuan jarriz.

Neurriok Madriletik zuzenean ezarri dizkigute, gurekin ez dute ezertarako kontatu. Eta, zer egin dute Gasteiz eta Nafarroako gobernuek? Espainiako gobernuaren betetzaile zintzoak izateko jarrera hartu dute. Ez diote ezertan aurre egin.

Jubilatuok aurrerantzean gogotik saiatu beharko dugu, publikoa, unibertsala, eta doakoa izango den osasun sistema propio baten alde. Bada garaia jubilatuok ere kalera ateratzeko, geure eta ondorengoen pentsio duinak daude jokoan.

Gipuzkoako Jubilatuen elkarteak biharko kontzentrazioak deitu ditu bakoitzaren herriko udaletxe aurrean, arratsaldeko 19:00etan. Beraz, Azpeitiko Baigera Jubilatu Elkarteak herriko jubilatu guztiei dei egiten die biharko kontzentrazio horretara. Defenda ditzagun geure eskubideak, bide batez ondorengoenak ere defendatuko ditugu-eta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide