"Sakelakorik gabe, bale?". Hori izaten da oporretara joaten naizenean jartzen saiatzen naizen araua. Eta, normalean, neu izaten naiz arau hori hausten aurrena: autokontrol sistema erlaxatu orduko, hor harrapatzen dut neure burua Facebooken eta Twitterren sarrerak azkar-azkar irakurtzen.
Aitortu beharra daukat: sareetara katigatuta nago. Sareetara diot, sozialak edo antisozialak adjektiboa ipintzerakoan zalantzak sortzen baitzaizkit. Bai, maite-mikatz, hala nabil azkenaldian sareekin.
Maite-maite egiten diet informazio iturri bihurtzen direnean, aktualitatearen azken ordua ematen didatenean, batean eta bestean agertu diren artikulu, iritzi eta bestelakoak erakusten dizkidanean. Maite-maite egiten diet baten eta bestearen umore mezuak eta aztikeriak erakusten dizkidanean, #umetakoberkak, #hitzmoloiak edo #tabernetakoesaldiak erakutsi eta parte hartzera animatzen nautenean. Eta maite-maite egiten diet, lagunen argazki eta bideoak erakusten dizkidanean, eta neureak erakusteko erakusleihoa eskaintzen didanean.
Baina mikaztu ere egiten naute sareek. Mikaztu, nire gain boterea dutela sumatzen dudanean, jendearekin egon arren tartean behin sakelakora imanak bezala erakartzen nautenean, edo berez niretzako gorde beharko nituzkeen kontuak bi aldiz pentsatu gabe sareratzen ditudanean. Mikaztu egiten naute irainak, errespetu faltak eta mehatxuak topatzen ditudanean, edo sare antisozial horien bidez, besteak beste, estortsio kasuak gertatzen direla jakiten dudanean. Eta mikaztu, sare horiek herritarrak kontrolatzeko erabiltzen dituztenaren susmoak areagotzen zaizkidanean.
Askotan eztabaidatu dut sareen inguruan. Lanerako erreminta gisa ezagutu nituen nik, informazio iturri eta komunikabide berri gisa. Ordutik hiru urtera, informazio iturri gisa erabiltzen ditut, informazioa zabaltzeko bide ere bai, baina arlo pertsonalera salto egin didate, eta euskaldun diskretu eta dena-barruan-gordezale gisa, horrek lotsa pixka bat ematen dit sarritan. Are gehiago, inguruan ni baino dena-barruan-gordezale gehiago daudenean eta "hori hor jarri al den?" galdetzen didatenean.
Eta kezka ere sortzen zait sakonago aztertzen hasita. Batik bat, ni baino gazteagoei begiratzen diedanean. Telefono banarekin, elkarrekin, hitz gutxi eta tekleo etengabean ikusten ditut, eta kedadak, txutxumutxuak, kontuak… sare bidez egiten dituztela sumatzen dut.
Bai, komunikazio moduak aldatzen ari dira. Teklak ari dira gailentzen hitzei, sareak solasaldiei.
Lagun batek orain hilabete batzuk esan zidan bezala: aurrean daukagun lagunarekin gaudenean urruti dagoenarekin aritzen gara, eta urrutikoarekin gaudenean, aurrekoarekin. Sareen kontra amorratuta jardun zidan lagun horrek. Baina zer diren gauzak, gaur bertan Facebooken lagun izateko gonbita bidali dit, eta Whatssapeko talde batean sartu nau. Bestela antisozial sentitzen ei delako.