Sentsazio positiboak aurre-denboraldiko lehenean

Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Euskal Kopako lehen jardunaldian Iraurgi SBk 96 eta 55 irabazi dio Centros de Estudio Mikeldi taldeari.

Entrenamendu aste batzuk eta gero, gaur iritsi zaio 2013-14 denboraldiari hasiera emateko garaia Iraurgi SBri. Kantxa gainean aurkari baten kontra lehen sentsazioak bizi ahal izan dituzte eta Iker Bueno, aulkian aurrenekoz, ezin da kexatu taldeak erakutsitako itxurarekin eta mailarekin. Egia da, Centros de Estudios Mikeldi, maila bat beherago dagoela eta aurre-denboraldia ere beranduago hasita, igarri egin duela esfortzu fisikoa, baina batez ere, erakutsitako jarrera izan da aipagarriena etxekoen aldetik.

Iker Buenok argi dauka zer joko mota ezarri nahi duen taldean. Defentsa sendoa, presioa gogor egiten duena eta gerora erasoan ahalik eta saskiratze errazenak bilatzen dituena. Taldea behin eta berriz horretan saiatu da hasieratik eta aurre-denboraldiko hutsak-huts, joko mota horrekin talde oso arriskutsua bihurtu daitekeela erakutsi du Iraurgi SBk. Kanpoko jokoarekin behin eta berriz min egin dezakete, Arrutik eta Lasak duten kanpoko jaurtiketekin defentsak asko erakartzen dituztelako eta Guridi (gaurko MVP-a 23ko balorazioarekin) bezalako jokalariek sekulako intentsitatea ematen diotelako jokoari.

Hasieratik zabaldu du aldea Iraurgi SBk eta gutxinaka-gutxinaka aurrean zuen taldea baino gehiago zela erakutsi du. Bigarren eta hirugarren laurdenetan maila polita eman dute bizkaitarrek, baina azken laurdenerako konturatu dira ez zeukatela zer eginik eta besoak jaisten amaitu dute. Buenok, minutuak banatu ahal izan ditu bere jokalarien artean eta 40 minutuetan joko oldarkorra erakutsita, azkenerako alde nabarmenarekin irabazi du Iraurgi SBk: 96 eta 55.


Saskiratzaileak: (18-8/23-19/23-19/32-9)

Iraurgi SB: Urbizu (2), Arruti (17), Oroz (9), Zubizarreta (1), Ibargutxi (3), Lasa (13), Guridi (13), Sow (9), Ucles (9), Alberdi, Nicola eta Gedeminas (20).

Centros de estudios Mikeldi: Acillona (2), Villegas, Martin, Martin, Torres (11), Ojanguren (17), Ortega (2), Orio (2), Guerrero (11), Iglesias (6) eta Garzon (4).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide