Mailaz igo eta arazoak nabarmenago

Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Herenegun irabazi eta gero, atzo goizean 69 eta 75 galdu zuen Iraurgi SBk Tarbes talde frantziarraren aurka.

 

 

Herenegun sentsazio oso positiboak utzi zituen Iraurgi SBk aurre-denboraldiko lehen partidan, baina atzo, igandea, kontrarioaren mailan gorakada izan zen, eta garai honetan normalak diren arazoak gehiago nabarmendu ziren.

Frantziako Tarbes, egina dagoen talde bat da eta Frantziako hirugarren mailan jokatzen du, hau da, Iraurgi SBk Espainian jokatzen duen maila berean. Beraz, maila bertsuko taldea dela esan daiteke. Hori bai, eginagoa eta gainera, Iker Buenoren jokalariek ez dituzte atzoko erraztasunak aurkitu. Taldeak jarrera ona erakutsi zuen beste behin, eta herenegun partida jokatu izanagatik zuten guztia emateko prest azaldu ziren jokariak eta hori goraipatzekoa da. Gainera, argi gelditu zen taldeak badakiela zeintzuk behar duten izan euren erreferentziak erasoan, eta horiek erantzukizuna hartzeko beldurrik ez daukatela. Horren adibide garbia da Arruti (gaurko MVP-a 17ko balorazioarekin) izan dela taldeko saskiratzaile nagusia. Kontraerasoa ere bikain landu zuten eta horiek guztiak aurrerapausoak dira ezbairik gabe.

Baina lagunarteko partidetan, normalean gauza positiboetan baino, hobetu beharrekotan jartzen dute arreta entrenatzaileek eta Iker Buenok, oraindik badauka zer landu bere jokalariekin. Defentsa oldarkorra egiten saiatu baziren ere, Iraurgikoak nahiko galduta ibili ziren zenbait momentutan atzeko lanean, batez ere komunikazio faltagatik eta defentsarako balantzean ere arazo bat baino gehiago eduki zuten.

Hala eta guztiz, partidan sartuta egon ziren une oro, markagailuak erakusten duen moduan eta arazoak arazo, hori lortzea ez da bat ere erraza. Beraz, badaude baikor sentitzeko arrazoiak.

Saskiratzaileak: (20-22/17-23/16-17/16-13)

IRAURGI SB: Arruti (15), Oroz (2), Assalit (3), Ibargutxi, Lasa (12), Zubizarreta (2), Guridi (8), Sow (2), Ucles (15), Etxaniz (3), Nicola eta Gedeminas (7).

LOURDES-TARBES: Daube (2), Mauvoisin, d’Almeida (4), Ragauskas (13), Bosc (3), Ricard (9), Lesca (11), Pontens (5), Stojiljkovic (13), Giaimo (12), Freeman (3) eta Boudjeddou.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide