Light painting tailerra emango dute ostiral honetan Azoka Herritiken

Argiarekin jolastuz argazki bat margotu daiteke. Emaitzak ikaragarri deigarriak izan ohi dira, argazki ikusgarriak. Light painting deitzen zaio teknika horri, kamara leku zehatz batean jarri eta argia mugitzean datza —edota alderantziz—. Azpeitiko Argazki Elkarteak emango du.

Azoka Herritik-ek eskainiko dituen salmenta postu eta ikuskizunen artean, Azpeitiko Argazki Elkarteak parte hartuko du erakustaldia/tailerra emanez. Light painting (argiakin margotuz) deitzen den teknikaz ariko dira eta goiko irudian ikusten diren moduko argazkiak nola lor daitezkeen erakutsiko dute. Iluntasuna behar denez, Izarraitz frontoian emango dute —barrura sartzeko Sanagustin haur parkeko atea egongo da zabalik—.

Tailerra doanekoa da eta edonork parte har dezake. Gainera, inor animatzen bada galderak egiteko eta argazkiak ateratzeko aukera ere izango du. Guztiok zaudete gonbidatuta. Ostiral honetan, irailak 20, Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan.

Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide