33 artisauk hartuko dute parte igandeko azokan

Uztarria.eus 2013ko ira. 18a, 14:02

Goizean eta arratsaldean jarriko dituzte artisauek postuak, eta Euskal Herriko 33 artisauk hartuko dute parte bertan. 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara izango dira postuak zabalik.

Azoka Herritiken baitan, datorren igande goizean eta arratsaldean artisauen txanda izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, "gure herrian, artisautza salmentarako gune eta egun bat osatzea beharrezkotzat ikusten delako sortu da irailaren 22an egingo den artisau azoka". 

Guztira, Euskal Herriko txoko desberdinetako 33 artisauk hartuko dute parte azokan, eta horietatik 19 eskualdekoak izango dira. Antolatzaileen arabera, "artisautza galtzen utzi nahi ez dugun adierazpen eta bizimodu bat dela iruditzen zaigu, artisauak izaera propioa duten elementu eta produktuak sortzen ditu, bakarrak eta errepikaezinak. Gaur egunean ordea artisautza gogor golpatua dago eta Azoka Herritik ekimenak hori sustatzeko apostua egin du. Gure iritziz, gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa baita produktua non sortu den jakitea, eta bere izaera erabat aldatuko lukeen makroprodukzio batetik ez datorrela jakitea. Artisauak, bere sormena adierazi ahal izatea eta bere produktua modu zuzen batean erosleari saltzeko aukera eduki ahal izatea, hori da ekimen honen bidez lortu nahi duguna".

Besteak beste, egurrez, zeramikaz zein larruz egindako produktuak, pomadak, bitxiak, txontxongiloak eta panpinak nahiz arropak erosi ahal izango dira azokan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide