'Orkatz eta Olatz libre' dinamikaren lehen bilera izango da gaur

Uztarria.eus 2013ko ira. 19a, 11:55

Gaur, osteguna, izango da aurreneko batzarra Sindikatu Zaharrean. Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, "hiru lan ildo" izango ditu osatzen den taldeak: "Komunikazioa, ekimenak eta herriko eragileekin interlokuzioak". Joan den ostegunean aurkeztu zuten Libre ekimena jendaurrean.

Gaur, osteguna, egingo dute joan den ostegunean aurkeztutako Libre dinamikaren aurreneko bilera. Azpeitiko lan taldeak Orkatz eta Olatz libre izena hartu du, eta gaur 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean egingo dute aurreneko bilkura.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, "hiru lan ildo" izango ditu osatzen den taldeak: "Komunikazioa, ekimenak eta herriko eragileekin interlokuzioa izango dira hiru ildoak, eta gaurko batzarrean, lan ildo bakoitzean aurrera begira egin beharreko lanak zehaztu eta martxan jarriko da lan taldea. Olatz eta Orkatz libre izan daitezen, ahalik eta herri babes handiena lortzea da helburua". "Herritar oro dago lan taldean parte hartzera gonbidatuta", gaineratu dute. 

Herriko tabernen auzi-ko (Orkatz Kultur Elkartea tartean) eta Segiko kideen kontrako epaiketen (Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna da horietako bat) bueltan Euskal Herri mailan sortu den ekimena da Libre. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide