Azoka Herritiken hasiera euripean izan bazen ere, gaur, zapatua, eguzkiak hartu du Azpeitia. Goizean goiz hasi da hainbat herritar prestaketa lanean, eta dena prest zuten 10:00etarako. Plazako postuak eskualdeko ekoizleek hartu dituzte, eta barazkiak, esnekiak, gozoak, haragia eta bestelakoak erosteko aukera izan duten bertaratu direnek. Ekoizleen lekukoa herriko taldeek eta eragileek zein kultura desberdinetako herritarrek hartuko dute arratsaldean, eta plazan izango dira 16:00etatik aurrera.
Herriko merkatarien stock azokak ere gaur zabaldu ditu ateak. Jendez lepo egon da goiz eta eguerdi partean Berdura plaza, eta arratsaldean zein bihar ere izango da zer erosi. Bigarren eskuko azoka Santio kalean egongo da gaur eta bihar, eta herritar askoren interesa piztu du ekimenak. Besteak beste, arropa, jostailuak eta mota guztietako gailuak izango dira eskuragarri. Olazko Amaren plazatxoan, berriz, haurrentzako puzgarriak-eta jarri dituzte, eta han ere jende ugari ibili da.
Tailerrak eta emanaldiak ere izan dira goiz partean. Baratzagintza eta marrazki zein bustin tailerrak izan dira Santio kalean eta Plaza Txikian, hurrenez hurren. Txori basatien erakustaldiak ere jendea erakarri du, eta ttuntturroek eta Udal Musika Bandak Alde Zaharra girotzeko kalejira bana egin dute.
Azokaren bigarren eguna hasi besterik ez da egin. Arratsalderako beste hainbat hitzordu izango da, eta bihar ere festa giroak jarraituko du herrian.
Hemen zapatu arratsaldeko egitaraua:
16:00etan eskalada tailerra plazan.
16:30ean malabar tailerra Santiago kalean.
17:00etan atzerriko jakien degustazioa plazan.
17:30ean arkeologia tailerra Plaza Txikian.
18:00etan baratzagintza tailerra Santiago kalean.
18:30ean musika emanaldia Plaza Txikian.
19:00etan pastel erraldoia plazan.
19:00etan bertso-poteoa Perez Arregi plazatxotik abiatuta.
19:30ean txori basatien erakustaldia Perez Arregi plazatxoan.