'Oinkadak' azokari bukaera emateko

Uztarria.eus 2013ko irailaren 22a

Ezkerretik eskubira, Felipe Murillo, Alaitz Olaizola, Mari Jose Bikendi eta Jaime Amenabar, 'Oinkadak'-en sustatzaileak.

Gaur, igandea, plazaratuko dute herriko hainbat taldek elkarlanean prestatu duten Oinkadak kale ikuskizuna. Musika, dantza, antzerkia, kale animazioa... 19:00etan hasiko da ikuskizuna, plazan, eta beste lau gunetara zabaldu ondoren, plazan bertan bukatuko da. Uztarria.com antolatzaileekin egon da.

Azken unera arte itxoin bazuten ere, eguraldi txarra tarteko, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zuten Oinkadak ikuskizuna ekainean. Azoka Herritiken baitan, eta azokari bukaera emateko, musika, dantza, antzerkia eta beste zenbait elementu gaur, igandea, egingo dute kale ikuskizuna, 19:00etan hasita. Antolatzaileak baikor dira eguraldiaren iragarpenari dagokionean.

Juan Antxieta Musika Eskola, Lakrikun Antzerki Taldea, Julian Barrenetxea Abesbatza eta Skandalue elektrotxaranga dira, hain zuzen ere, Oinkadak antolatzearen ardura hartu dutenakAzpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren babesarekin. Uztarria.com-ek talde horietako ordezkariekin hitz egin du, gaur, igandea, 19:00etan hasiko den ikuskizunaz:

Zer da Oinkadak?

Kale ikuskizuna da, halako ikuskizunak kalean izan behar zuela iruditu zitzaigun-eta. Diziplina desberdinetan aritzen diren herriko taldeek eta norbanakoek hartuko dute parte. Pertsona baten bizitzako etapak irudikatuko dira ikuskizunean. Lotura bat bilatu nahi genuen, eta uste dugu Alaitz Olaizolak izandako ideia borobila dela. Guztira, 150 bat lagunek hartuko dute parte

Parte hartzaileen aldetik zer erantzun jaso zenuten?

Ikaragarri ona. Berritzailea zela zioten, eta guztiek baietz, parte hartuko zutela, esan zuten. Borondatea du jendeak, eta datagatik parte hartzerik ez zutenek pena hartu zuten. Denek baiezko borobila eman zuten, eta horrek erakusten du gauzak egiteko gogoa badagoela.

Herritar askok parte hartuko dute ekitaldian. Zaila izan al da ikuskizuna montatzea?

Ikaragarria izan da. Bilera mordoa egin dugu eta buruhauste batzuk izan ditugu. Lehenengo lana geu kontzientziatzea izan zen. Zerbait egin behar genuela bagenekien, garbi genuen, baina zer, nondik hasi, eta gauza bat bestearekin nola lotu… hori izan da zailena.

Ideia atera zenean batzuek besteek baino gehiago ikusten zuten, kaleko eragozpenak zirela-eta... Azken finean imajinatu egin behar zen ikuskizuna. Dena den, ideia forma hartzen joan zen eta hemen gaude, ekitaldiaren atarian.

Nola entseatu duzue?

Ekainerako muntatuta zegoen ikuskizuna. Egunean bertan, 12:00etan, erabaki genuen eguraldiagatik ez egitea. Ordurako dena prest zegoen, eta proposatu zigutenean Azoka Herritiken baitan egitea, parte-hartzaileekin hitz egin, eta baiezkoa eman genuen. Aste honetan-eta egin dugu errepaso txiki bat, eta hartu dugu martxa. Dena den, ekainerako ondo prestatuta zegoen, dena eginda zegoen. Hori bai, orduko papelak hartu ditugunean kostatu zaigu ikuskizunaren nondik norakoak gogoratzea.

Kale ikuskizunaz gain, ikuskizun ibiltaria da.

Bai, sei gune ditu, pertsonaren bizitzako sei etapatan banatuta. Hasi eta bukatu plazan egingo da. Santio kalean, Frontoi Txikiaren ondoan, haurtzaroa irudikatuko da. Gero, Erdi kalean, Zuhatz tabernaren inguruan, nerabezaroa. Ondoren, Perez Arregi plazatxoan, heldutasuna, Plaza Txikian zahartzaroa, eta azkenekoa, agurra, hasierako tokian, plazan, izango da.

Ikuskizunak, osotasunean ulertzeko, gunez gune jarraitzea eskatzen du. Gune bakar batekoa ikusteak ere merezi du, solte ikusteko ere politak direlako, baina istorioa ulertzeko dena ikustea komeni da.

Ekitaldi potoloa aukeratu da azokari bukaera emateko.

Hasierako asmoa zen Oinkadak zapatu batean, bestelako ekitaldirik gabe egitea. Azokaren baitan egiteko proposatu zigutenean pentsatu genuen egun ederra izan zitekeela, eta bai, guretzat ekimen oso potoloa da.

Halako ekimenik egin al da sekula herrian?

Hainbeste eta hain desberdinak diren diziplina jasotzen dituen ekimenik ez. Ezta gai baten bueltan hainbeste talde gauza berdinak egiten jarri direnik ere, eta kalean gutxiago.

Egin izan dira talde dezente elkartu eta denen artean osatutako emanaldiak-eta, baina ez ginen horrenbeste. Ilusio handiarekin prestatu eta egin dugu, eta jendea ikustera animatzea nahiko genuke.

Parte-hartzaileen zerrenda

Oinkadak kale ikuskizunean parte hartuko dutenen zerrenda: Juan Antxieta Musika Eskola, Julian Barrenetxea Abesbatza, Lakrikun Antzerki Taldea, Emakumeen Antzerki Tailerra, Haur eta Gazteen Antzerki Tailerra, Emakumeen Txokoko batukada, Ikasberriko antzerkilariak, Dantza Suelto eskola, Baigera, Dantzaki dantza taldea, Azpeitiko Musika Banda, Azpeitiko Argazki Elkartea, Erlo Telebista, Larrañaga Telekom, Amamantzat guapuek eta Sanagustin Kulturgunea. Horiekin batera, kale animazioa ere izango da ikuskizunean, besteak beste Andoni Bastarrikaren eta Sebastian Biassiren parte-hartzearekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide