Zapatu arratsaldea iruditan

Uztarria.eus 2013ko ira. 21a, 19:54

Arratsaldeko lauretarako prest zituzten herriko talde eta eragileek euren postuak. Materiala, informazioa zein bestelakoak eskuratzeko aukera izan da 20:00ak bitartean, eta jendea pixkanaka joan da plazara gerturatzen. Aldi berean, eta talde eta eragileen postuen artean, herriko atzerritarrenak ere izan dira. Besteak beste, Txileko, Aljeriako, Paraguaiko, Andaluziako, Pakistango eta Brasilgo jakiak dastatzeko eta euren kultura ezagutzeko parada izan dute gerturatu direnek.

Goizeko moduan, arratsaldean ere hainbat tailer izan da herriko txoko desberdinetan. Esaterako, Antxieta arkeologia taldekoek tailerra eman dute Plaza Txikian, eta haur eta gaztetxo ugari joan da aurrekoek sua nola egiten zuten, tresnak nola erabiltzen zituzten eta ehizean jaurtiketak nola egiten zituzten ikusi eta probatzera. Plaza Txikian bertan Juan Antxieta Musika Eskolakoek ere postua jarri dute, eta hainbat instrumentu probatzeko aukera izan da. Gainera, 18:30ean hasita, musika emanaldia eskaini dute Plaza Txikiko oholtzan. Bestalde, Frontoi Txikiaren ondoan egin duten malabare tailerrak eta haren ondoan ikusgai dauden txori basatiek jende andana erakarri dute.

16:00ak aldean hasi dira Inazio Egaña eta Gipuzkoako beste hainbat gozogile 1.050 lagunentzako sagar-tarta prestatzen. 19:00etan, berriz, egindako tartea banatu dute bertaratu direnen artean. Ordu horretan hasi da bertso-poteoa ere. Perez Arregi plazatxotik abiatu dira Eneritz Artetxe, Jon Gurrutxaga eta Beñat Lizaso bertsolariak hainbat trikitilarik lagunduta.

Hemen arratsaldeak utzi dituen argazki batzuk:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide