Igande goiza argazkitan

Uztarria.eus 2013ko irailaren 22a

Plaza itxuraz eta edukiz aldatzen ari da asteburuan. Atzo, zapatua, goizean baserritarren txanda izan zen, eta arratsaldean herriko eragile, talde eta kultura desberdinetako bizilagunena. Gaur, igandea, Euskal Herriko eta Azpeitiko artisauek produktuz bete dituzte postuak. Egun osoan 33 artisau izan dira ukenduak, jostailuak, pitxiak, arropa eta bestelakoak saltzen.

Atzoko moduan Berdura plazan jende ugari ibili da merkatarien stockean zer erosiko, eta baita Santio kaleko bigarren eskuko azokan ere. Bidezko merkataritzakoek ere postua jarri dute Iturri Txiki ludotekaren ondoan, eta "orain arteko salmentarekin oso gustura" daudela jakinarazi dute.

Kaleko giroa ere alaituz joan da. Jendea pixkanaka joan da postuetara gerturatzen, eta baita goizerako antolatu zeuden tailerretara ere. Esaterako, pitxigintza, eta marrazki zein bustin tailerretan gaztetxo ugarik hartu du parte. Santio kalean Kimu Batek jarritako postuan ere herritar ugari izan da baratzagintza ekologikoaren inguruko informazioa jasotzen, eta baita haren ondoan goiz eta arratsaldean izan den txori basatien ikuskizunaz gozatzen ere. Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilariek kalejira egin dute, eta 13:00etatik aurrera perkusio emanaldia eskaini du ikasle talde batek Plaza Txikian. Horrez gain, plazan kulturarteko dantza emanaldia izan da, eta hemengo zein atzerriko hainbat dantzaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide