Egon hadi lo eta jango duk mehe

Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Iraurgi SBk hasiera txar bati buelta eman eta gero, 54 eta 64 irabazi zion Easori eta Euskal Kopako Lauko Finalerako txartela lortu du.

Hitzak berak esaten du: aurre-denboraldia horixe besterik ez da, aurre-denboraldia. Garai hauek taldea uztartzeko, forma egokiena hartzen joateko eta batez ere, ikasten joateko izaten dira egokiak. Eta ikasle garaiak, akats denborak izaten direnez, normalena da hutsegiteak egitea, baina hauetatik ikasten baldin badira bakarrik dira baliagarriak hauek. Gainera, okerrak eta okerrak daude, eta jokalariek jakin badakite, kantxara erdi lo eta intentsitate eta jarrera faltarekin irtenez gero, kontrariorik ahulenak ere min egin zaitzakeela.

Gaur, Euskal Kopako bigarren jardunaldia jokatu du Iraurgi SBk, Easo talde donostiarraren kantxan eta lehen laurden benetan txarra jokatu du. Etxekoak, EBA mailan jokatu arren, Zilarrezko LEB ligakoen gainetik pasa dira. Komunikazio falta, intentsitate eza… oso nabariak izan dira eta ezina aurrean ere agertu da, saskiratze errazak huts eginda, agian bigunegi jokatzen ari zelako Iker Buenoren taldea. Entrenatzaileak epelak botako zizkien, bigarren laurdenetik aurrera gauzak erabat aldatu baitira. Jarrera erabat ezberdinarekin defentsan tenkatu eta zailtasunetan jarri dituzte Easokoak. Etxekoek bost puntu besterik ezin izan dituzte sartu laurden osoan eta Iraurgi SBk buelta eman dio neurketari, atsedenaldira 3 puntu goitik joanda. Hori bai, erasoan sentsazioak ez ziren guztiz onak, saskiratze erraz xamarrak huts egiten jarraitu baitu taldeak.

Markagailua estutu den moduan, jokoa ere estutu da hirugarren laurdenetik aurrera. Hori bai, Buenorenak aurretik mantendu dira momentu oro eta bi laurdenetan garaile irten dira gainera. Taldeak eman dituen sentsazioak ere hobeak izan dira. Defentsan gogor jokatuta, kontraerasora irten eta korrika egiteko modua eduki dute ISBkoek. Gainera, lehen zatian ez bezala, barruko jokalariekin gehiago jokatzen hasi dira eta hauek euren diferentzia erakutsi dute. Besteak beste gaurko MVP Fede Uclesek. Azkenean, 54 eta 64 irabazten amaitu du Iraurgi SBk eta bere multzoko lehen postuan amaitu eta gero, datorren astean jokatuko den Euskal Kopako Lauko Finalerako txartela lortu du.

Saskiratzaileak: (25-7/5-26/16-17/8-14)

EASO: Nagore, Eguimendia (7), Etxenike, Arenaza (12), Del Valle (5), Aldalur (3), Alonso (15), Sarasola (9), Eizmendi (1), Urtxulegui, Sanz eta Arnedo (2).

IRAURGI SB: Arruti (15), Oroz, Assalit (6), Ibargutxi (2), Lasa (7), Zubizarreta (1), Guridi (2), Sow (4), Ucles (15), Alberdi, Etxaniz (3) eta Gedeminas (9).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide