Burdinbidearen Euskal Museotik langileak kaleratzen ari direla salatu du PSE-EEk

Urola Kostako Hitza 2013ko ira. 24a, 18:15

Kaleratzeak Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegitearen estrategiaren baitan kokatu dituzte.

Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoko langileak kaleratzen ari direla salatu du PSE-EEko talde parlamentarioak, ohar bidez. Adierazi dutenez, bertako zuzendaria den Maitane Ostolaza ere kaleratu dute, "intentzio politiko garbi batekin ari dira museotik langileak kaleratzen. Gero, berriro museoa Juanjo Olaizolaren eta Burdinbidearen Lagunen Elkartearen esku uzteko. Hauek museoa modu partikular, patrimonialista batean eta profesionaltasunik gabe kudeatu dezaten". Trenaren Museotik langileak kaleratzea, Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegitearen estrategiaren baitan kokatu dute PSE-EEkoek, hala museoaren administraziotik Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala aldenduz.

Jesus Zaballos PSE-EEko legebiltzarkideak Trenaren Museotik "langileak ez kaleratzeko eta horiek EuskoTrenen subrogatzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza Burdinbidearen Museoarekin nola jokatzen ari den ez dutela ulertzen eta gauzak argitzeko ere eskatu dute PSE-EEkoek: "Jaurlaritza egiten ari dena, egin asmo duena eta Juanjo Olaizolarekin dituen loturak argi eta garbi azaltzeko eskatzen dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide