Alfonso Gallardo Taldeak uztailean Corrugados Azpeitia enpresa itxi zuen, langile guztiak kaleratuta. Abuztuaren 7an, berriz, Corrugados Lasaoko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen. 30 langile besterik ez dira gelditzen Lasaon eta hauek enpresaren itxiera "ate joka" ikusten dute. Hala azaldu dute gaur, ostirala, Corrugados Lasaoko langileek enpresan bertan egindako agerraldian, "ikusten duzue gure egoera, lantegiaren ataria garai batean lehengaiez beteta egoten zen, gaur egun huts-hutsik dago. Lan egiteko lehengairik ez digute ekartzen", zioten lantegiaren atzeko aldea erakutsiz. "Datorren urte hasierara iritsiko ez garen susmoa dugu, enpresaren itxiera inoiz baino gertuago ikusten dugu, ate joka dugu!". Egoera salatzeko urriaren 19rako manifestaziora deitu dituzte herritarrak, 12:00etan, Azpeitiko plazatik irtenda.
Urriaren 29an, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Gallardo enpresak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen gaineko epaiketa dute Corrugados Lasao eta Azpeitiako langileek. Gallardok espedientea aurkeztu eta langileek lehen agerraldia egin zutenetik bost hilabete pasatu direla gogorarazi dute Lasaoko beharginek. Segidan, txostenaren gaineko negoziazioa "fartsa hutsa" izan zela berretsi dute, "Madrilen negoziatzera behartuak izan ginen, negoziazio esparru naturala duguna baztertuz, eta negoziazio luze, antzu eta neketsu baten parte izan ginen". Espedienteak lantegiari irtenbidea emateko ez du balio izan langileen arabera, "langileak kaleratuta ere ez dute bermatu lantegiaren etorkizuna, ez Gallardo Taldeak eta ezta egoeraren txosten teknikoa egiteko kontratatutako erakundeak ere. Bideragarritasun plana eskatu dugunean ere, euren bideragarritasuna neurri horiek hartzea dela erantzun digute, lehor".
Langileek euren esku dagoen guztia egin dutela diote, "gure esku egon diren ate guztiak jo ditugu, baina zoritxarrez Gallardo Taldeak bere jarrera itxia irmo mantendu du eta Lasaoko lantegitik 38 langile kalean daude dagoeneko". Madrilen izango duten epaiketara, espedientea enpleguaren suntsiketa hutsean oinarritutakoa dela adieraztera joango dira langileak, "horrez gain Gallardok negoziatzeko borondaterik ez duela azaldu eta jarrera itxia izan duela salatuko dugu. Honen atzean desmantelazio industriala dagoela azaltzera joango gara".
Corrugados Lasaon "antolakuntza falta beldurgarria" dutela salatu dute, "ez dugu administraririk, ez komertzialik. Lehen lantegitik bertatik egiten ziren lanak, orain Gallardok Jerez de Los Caballerosen (Extremadura, Espainia) duen lantegitik egiten dituzte". Langileak kaleratu aurretik hiru errelebotara ari ziren lanean Lasaon, orain bakarrera eta lanerako ia lehengairik gabe. Enpresak Lasaoko lantegia utzita duela diote, "zuzendaritzarekin bildu nahi dugu, baina kasurik ez digute egiten, enpresaren arduradunen aldetik inolako erantzunik ez dugu jaso eta Gallardo gure merkatua eta batez ere gure bezeroak uzten ari da", diote. Horregatik guztiagatik enpresak datorren urtearen hasierara arte iraungo duen zalantza dute.
Corrugados Azpeitia itxita dagoenetik, Azpeitiko lantegiko mantentze lanak Lasaoko langileen gain utzi ditu Gallardok, "horrekin ez gaude ados". Kaleratutako langile guztiei eta senitartekoei "elkartasuna eta babesik beroena" azaldu diete. Lasaoko lantegiaren itxiera aurrez aurre ikusten dutelako arduratuta daude langileak, "ixte arrisku larria aurreikusten dugu, eta azken hilabeteotan ikusitako guztiak gure ardura areagotu besterik ez du egin".
Kaleratutako langileek lantegian behar dutela eta enpresa bideragarria dela defendatu dute gaur Lasaoko beharginek. "Enpresa honek merkatua du, bideragarria da eta etorkizuna du gure sare industrialean. Enpresa hiltzen uzten ari diren horiei konpromiso sendoak eskatzen dizkiegu", esan dute. Horrez gain, instituzio publikoei eta batik bat Eusko Jaurlaritzari "inplikazio zuzena" izateko eskatu diote, "politika industrial eza nabarmena den une honetan, euren parte-hartzea ezinbestekoa dugu. Desestrukturazio industriala ematen ari da eta iruzur honi irtenbidea eman behar zaio".