Azpeitia Azkoitia ISB Euskal Kopako txapeldun

Azkoitia Azpeitia ISBko jokalariak.

Finalean 74 eta 65 irabazi dio Askatuaki.

400 pertsona inguru bildu ziren atzo Azpeitiko kiroldegiko harmailetan, Azpeitia Azkoitia ISBk Euskal Kopa nola irabazten zuen ikusteko. Duela bi denboraldi ere, etxean jokatu zuen Iraurgik Euskal Kopako finala eta atzoko moduan orduan ere txapeldun izan den. Orduan, baina Araberri izan zuen aurkari eta atzokoan Askatuak. Badirudi etxean Euskal Kopa jokatzeak zortea ematen diola Urola bailarako taldeari.

Hasieratik hasi zen neurketako erritmoa ezarriz Azpeitia Azkoitia ISB. Defentsan sendo, hutsegiteren bat egin arren, eta baloia berreskuratu bezain pronto, Assalit-en eskutik ziztu bizian irten ziren erasoko jokora. Lander Lasak ere eskumuturra bero-bero izan zuen eta beste aukerarik sortzen ez zenean Zylek bere kalitatea erakutsi zuen. Guzti horrekin, denbora osoan markagailuan agintzen joan zen Iker Buenoren taldea. Atsedenaldirako neurketa ia puskatuta zegoen etxekoen alde. Hori bai, neurketa asko gelditzen zen oraindik jokatzeke.

Aldageletatik bueltan partidua erabakita utziko zuela zirudien Azpeitia Azkoitia ISBk, baina hirugarren laurdeneko bigarren erdian etorri ziren Iker Buenorenen minuturik txarrenak. Defentsan nahi baino zulo gehiago utzita eta erasoan ere ideia argi gabe. Kanpokoak markagailua estutzen saiatu ziren eta zazpi puntura gerturatzea lortu zuten. Baina, kanpokoen erreakzioa gelditzen jakin izan zuten Buenorenek eta 8-10 puntu inguruan mantendu ahal izan zuten aldea. Azkenean Azpeitia Azkoitia ISB txapeldun izan zen, 74 eta 65 nagusituta.

Saskiratzaileak: (17-12/42-28/56-48/74-65)

Azpeitia-Azkoitia ISB: Arruti (2), Oroz (6), Ucles, Sow (6), Zubizarreta (3), Assalit (12), Ibargutxi, Lasa (19), Zyle (19), Barberena, Guridi (7), Alberdi.

Askatuak: Santamaría (14), Urtasun(7), Martinez (10), Hevia, Millares (4), Fernandez de Retana, Ndiaye (5), Perez (6), Arzallus (13), Kane(3), Andia (3).

MVP: Zyle

3. eta 4. posturako lehian, Zornotza garaile

Zornotzak hirugarren postua lortu du Araberriren aurka irabazi eta gero. Zornotzarrak hasieratik joan ziren markagailuan agintzen, baina hirugarren laurdenean izan zen alde egin dutenean. Gasteiztarrek askotxo igarri dute Zamora, Hernandez eta Arcelusen bajak eta herenegun Azpeitia Azkoitia ISBren aurka jokatutako neurketa gogorrak ere eragina izan zuen. Bizkaitarrek euren baliabideak bikain erabili zituzten eta gasteiztarrak ezinean ibili ziren azkenerako. Besoak jaitsi eta egurra jaso zuten Iurgi Caminosenek. Azkenean 100 eta 79 bukatu zen partida.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide