'Tipi Tapa' programa jarriko dute abian, adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko

Uztarria.eus 2013ko urr. 1a, 13:18

Loiolara paseoak egingo dituzte adineko pertsonek eta boluntarioek.

Udalak herriko eragile eta boluntario taldeekin antolatu du Tipi Tapa programa, eta adineko pertsonekin paseoak egingo dituzte boluntarioek. Urriaren 9an hasiko da martxan ekimena, eta asteazkenero egingo dituzte Loiola aldera irteerak. Paseoetan parte hartu nahi dutenek Udaleko Gizarte Zerbitzuek sailera, 043 15 71 92 telefonora, deitu behar dute.

Azpeitiko Udalak Tipi Tapa, adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko, programa jarriko du aurki abian. Udalak azaldu duenez, "adineko pertsonen artean ekintza fisikoa eta ohitura sanoak sustatzeko helburuarekin" jarriko dute martxan programa. Izan ere, hirugarren adineko pertsonek "arrisku handiagoa dute gaixotasun kronikoak izateko": "Besteak beste, hipertentsioa, bihotzeko arazoak, diabetesa, artrosisa... izateko. Hori dela-eta, egunero ariketa fisikoa egitea oso onuragarria da osasuna, autoestimua eta bizitza kalitatea hobetzeko".

Udalak herriko eragile eta boluntario taldeekin antolatu du Tipi Tapa programa, eta adineko pertsonekin paseoak egingo dituzte boluntarioek. Horrenbestez, urriaren 9an hasita, asteazkenero izango dira irteerak 10:30ean plazatik edo 10:45ean igerileku aurretik abiatuta, eta Loiola ingurura paseoa egingo dute 12:00ak bitartean.

Paseo horietan parte hartu edo lagundu nahi duten herritarrek Udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko 943 15 71 92 telefonora deituta eman behar du izena. Izena ematen duten pertsonen arabera, ibilaldien maiztasuna eta luzera aldatzeko aukera egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide