Eneko Ibargurenek asteazkenean deklaratuko du Madrilgo komisaldegi batean

Uztarria.eus 2013ko urr. 1a, 19:27

Tres Cantoseko egoitzan hartuko diote deklarazioa guardia zibilek, goizean, berak hautatutako abokatu bat bertan dela, Azpeitiko Herrirak jakinarazi duenez. Epailearen aurreko deklarazioa, berriz, ostegunean egingo du.

Azpeitiko Herrira mugimenduak Twitter bidez jakinarazi duenez, Herrira-ren kontrako operazioan astelehenean atxilotutako Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarrari deklarazioa hartuko diote guardia zibilek Madrilgo Tres Cantos komisaldegian bihar, asteazkena, goizean.

Operazio horretan atxilotutako gainerako hamazazpi kideak bezala, komunikatutako atxiloaldian dute Ibarguren eta, horrenbestez, berak hautatutako abokatu bat ondoan izateko aukera izango du polizia egoitzan egingo duen deklarazioan. Atzo, astelehena, atxilotutako hamazortzi lagunetatik bederatziri (Manu Ugartemendia, Nagore Garcia, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Fran Balda, Jon Garai, Imanol Karrera, Eneko Villegas eta Sergio Labaieni) gaur 21:00etatik aurrera hartuko diete deklarazioa, Berria-n jasotakoaren arabera.

Batzarra plazan, 19:00etan

Ibargurenen eta besteen atxiloketak eta Herriraren kontrako operazioa salatzeko atzo arratsaldean egin zen manifestazioa hasi aurretik aurreratu bezala gaur, asteartea, batzarra egingo dute plazan bertan, 19:00etan.

Azken orduetan Azpeitiko norbanako eta talde bat baino gehiagok adierazi diote babesa Eneko Ibargureni. Azkena, Elkar-ekin taldea izan da.

Bilbon manifestazioa, zapatuan

Azpeitian ez ezik, Herriraren kontrako operazioa salatzeko ekimenak Euskal Herrian zehar ari dira martxan jartzen. Ekimen bateratu baterako deia ere egin du hainbat eragilek eta, horrela, zapatuan, urriak 5, manifestazioa egingo da Bilbon. Casillatik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean.

Ikusi zapatuko manifestazioaren gaineko informazio osatuagoa Berria.info-n.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide