Jesus Ruiz de Argandoña omenduz hasiko da garagardo azoka bihar

Uztarria.eus 2013ko urr. 2a, 11:50

Iraurgi SBko, Azpeitiko Udaleko eta Bertan Merkatari Elkarteko ordezkariak, Jesus Ruiz de Argandoñarekin (eskubitik bigarrena).

Bi asteburu hartuko ditu azokak, eta hamabi garagardo mota eta jatekoa jarriko dituzte aukeran. Gainera, 00:00etatik aurrera bi eurotan kañak hartzeko aukera izango da.

Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin azpeitiarra omenduz zabalduko dute bihar, osteguna, Iraurgi Saskibaloi Elkartekoek garagardo azoka, 20:00etan, Berdura plazan. "Kirolaren alde eta batik bat pilotaren alde hainbeste lan egin duelako" omenduko dute, Iraurgi SBko Jose Luis Zubizarreta Xubi-ren esanetan. "Futbolean eta pilotan ibili aurretik saskibaloian jardun nuen. El pequeño Smith esaten zidaten. Baloia pasatzen ona nintzen, baina saskiaren azpian... 1,40 metro nintzen", esan du Ruiz de Argandoñak garagardo azokaren aurkezpenean.

Garagardo azoka dagoeneko tradizio da Azpeitian. Iraurgi SBk antolatzen du, Bertan Merkatari Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Bihar abiatu, eta bost egunez egongo da zabalik Berdura plazan, bi asteburu hartuz. Garagardoa izango da protagonista nagusia, baina jatekorik ez da faltako, eta "musika onaz gozatzeko" parada ere egongo da.
 
Hamabi garagardo mota dastatu ahalko dira, alkoholik gabekoa tartean. Jateko ukondoa, oilasko errea edota saltxitxak izango dira aukeran. 20:00etan irekiko dute, eta 02:00etara artean izango da zabalik. 550 pertsonarentzako tokia prestatuko dute azoka plazan, baina aurrez mahaia erreserbatzeko aukera eskainiko dute. Bost txartel erosten dituenari seigarrena opari emango diote. Berrikuntza modura, 00:00etatik aurrera, garagardo txarro handiak erosi beharrean bi eurotan kañak hartzeko aukera eskainiko dute.
 
Hilaren 12rako, zapatua, azokaren barruan mus txapelketa ere antolatu dute. 15:00etan hasiko da, eta orduerdi aurretik eman beharko da izena. Bikoteko 30 euro ordaindu beharko da. Gero, aurreneko lau postuetan sailkatzen diren bikoteek jasoko dute saria. Garagardo azoka aurrera ateratzeko bost egunetan 125 lagunek jardungo dute lanean.

230 jokalariko kluba

Etzi garagardo azokaren baitan, Iraurgi SBko saskibaloiko talde guztiak aurkeztuko dituzte, 20:00etan hasita. 230 jokalaritik gora ariko dira hasi berri den saskibaloi denboraldian ISBren izenean. "Gaur eguneko eta etorkizuneko jokalariak zeintzuk izango diren ikusteko aukera bikaina da ostiralekoa".
 
Garagardo azokan Iraurgi SBko bazkide egiteko aukera ere jarriko dute. Bazkide izateko iazko prezioak mantentzea erabaki dute. Familiako bazkidetza txartela 120 euro da, eta gainontzekoentzako txartela, banakakoa, 70 euro. Baina aurten, berrikuntza modura, ikasleentzako eta erretiratuentzako bazkidetza txartelak ere jarri ditu aukeran Iraurgi SBk, 50 eurotan. Saskibaloi klubeko bazkideek herriko hainbat dendatako erosketetan %10eko deskontua dute abantaila modura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide