Xabier Euzkitze: "Inork ezin nau pilotarien abizenak gaizki ahoskatzera derrigortu"

Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 3a, 19:55

26 urte bete berri ditu ETB1en lanean telebista aurkezle, bertsolari eta pilotazale azpeitiarrak eta Urola Kostako Hitza-ren Arkupean gehigarrian elkarrizketa luzea egin diote. Kontrako eztarria umorezko telebista saio berriko aurkezleetako bat da.

"Nire bizimodua, dena izan da transmititutakoa. Eta nire soldaduska ere, irratiz transmititutakoa izan zen". Zaila da Xabier Euzkitze Leon eta Valladolid aldean (Espainia) soldaduska egiten irudikatzea, baina halaxe gertatu zen. Eta halaxe kontatu zuen astero, bertsotan, irratiz, berak bizitakoa. Soldaduskara joaterako irratian bidea egiten hasia baitzen Zarauzko bizilaguna (Azpeitia,1966).

1983an iritsi zen Euskadi Irratira, 1987an ETB1 sortu berrira, eta ordutik bigarren etxea du EITB. "Irailean 26 urte egin ditut", zehaztu du. Eta mende laurden pasa ospatzeko, umoreari heldu dio ikasturte hasi berri honetan. Kontrako eztarria telebista saioan Anjel Alkain aktorearekin eta haren lantaldearekin ia egunero ikus daiteke Euzkitze. "Urte batzuk atzera egitea izan da, Sorginen laratza saioko gauzetara buelta egitea. Julian Eizagirre izeneko gizon bat bada hemen, Zarautzen. Laurogehitaka urte ditu, eta aste honetan bertan hala esan zidan: Atzo gauean sumatu hintudan, telebisiyuan. Pilota partidan? galdetu nion, eta erantzun zidan: Ez, beste zeozertan ai zinan, zirkua behintzat! Eta pixka bat bada, bai", dio.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, joan Hitza-ren gaurko Arkupean gehigarrira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide