Teknologia berrietara egokitu du webgunea Urkomek

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko urr. 4a, 12:15

Aritz Arzallus eta Manuel Labaka, atzo, aurkezpenean.

Bertakoentzako zerbitzuak, azoka birtuala eta turismoa, izango ditu ardatz webguneak. Sakelakoetarako nahiz tabletetarako egokitu dute webgunea.

Urkomek, Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak, gizartearen egungo beharretara moldatu nahian, webgunea berritu du. Herritarrek Urkomeren zerbitzuak sakelekoetatik eta tabletetatik "modu erosoan" jaso ahal izateko, www.urolakostaonline.com ataria egokitu du elkarteak. "Orain arte ordenagailura bakarrik egokitutako webgunea genuen, baina gaur Interneteko konexio gehienak sakelekoetatik eta tabletetatik egiten dira. Normalizatuta dago hori", adierazi du Urkomek. Egungo beharrei erantzuteko asmoz moldatu dute ataria, herritarrei egunerokoan zerbitzua eskaintzeko eta erabiltzaileek beharrezko informazioa "edonon eta edonoiz" eskura dezaten.

Aritz Arzallus Urkomeko kidearen arabera, eskualderako webgune "erreferentea" edukitzea izan da taldearen asmoa. "Batez ere landa garapenari eta eskualdeko lehen sektoreari erreferentzia egitea, eta horien sustapena lehenestea da gure helburua". Hori guztia aurrera eramateko hiru ardatz nagusi izango ditu plataforma digitalak. Batetik, bisitarientzat turismoaren alorra jorratuko dute. Bertan eskualdean eskaintzen diren aukerak aurkeztuko dituzte; hala nola, ostalaritza guneak eta bisitatzeko leku interesgarriak. "Bertakoa erakutsi nahi diegu bisitariei: landa eremuak, paisaiak, produktuak, gastronomia…". Eskualdeko bizilagunei zuzenduta, beste atal bat ere prestatu dute, zerbitzuen berri emateko; besteak beste, osasun zentroen, garraio publikoaren, ikastetxeen eta farmazien berri emango dute.

Azoka birtuala, eraberritua

Azkenik, azoka birtuala "guztiz eraberritu" dute. "Eskualdeko ekoizleen erakusleihoa izan nahi dugu, eta guztiei zerbitzu honetan egoteko aukera eskaini nahi izan diegu". Honen bidez, aurrez aurre erosi ezin dutenek "modu eroso eta seguruan" egiteko aukera izango dute, eta horren bidez erosleek inguruko "landa eremua babesten eta zaintzen" lagunduko dutela nabarmendu dute.

Urkomek eremu eta sektore askotako elkarlana bultzatu nahi du, bertakoa "ezagutuz, zainduz, errespetatuz eta sustatuz". "Bide horretan protagonista nagusiak bertako baserritarrak eta ekoizleak dira; bertako produktuen sustapenean, lana eremuen zainketan, herriaren garapen ekonomikoan eta herritarron elikadura osasuntsua bermatzean". Agentziak duela bi urte jarri zuen webgunea martxan, eta ordutik ataria egokitzen eta osatzen joan dela esan dute ordezkariek. Gainera, aurrera begira askotariko proiektuak garatzeko asmoa dutela aurreratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide