Bi ikastaro antolatu ditu Gazteria Sailak

Uztarria.eus 2013ko urr. 9a, 12:20

Patroigintza eta senda belarren ikastaroak izango dira urritik abendura bitartean. Senda belarren ikastaroko saioak astearteetan izango dira, eta patroigintzakoak, berriz, ostegunetan. Ikastaroetan izena emateko azken eguna urriaren 18a izango da.

Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak bi ikastaro berri antolatu ditu datozen hilbeteetarako. Patroigintza eta senda belarren ikastaroak izango dira, eta biak 18 urtetik gorakoei daude zuzenduta.

Patroigintza ikastaroa urriaren 24an hasiko da, eta ostegunetan da, 18:30etik 20:30era, Gaztelekuan (Goiko kale, 12). Ilazki Lili izango da irakaslea, eta 35 euro kostatuko da ikastaroa. Gazte, ikasle edo langabetu txartela dutenek, berriz, 30 euro ordaindu beharko dute. Izena emateko azken eguna urriaren 18a, ostirala, izango da. Ikastaroan arropak egiteko oinarrizko diren patroiak egiten irakatsiko du Lilik, eta bakoitza bere jantzia egiten saiatuko da.

Beste ikastaroa, senda belarrena da. Sara Letamendiak emango du, eta urriaren 22an hasita, astearteetan izango dira saioak, 18:30etik 20:30era. Gaztelekuan izango da, eta ikastaroa 40 euro ordaindu beharko da. Gazte, langabe edo ikasle txartelarekin, berriz, 35 euro ordaindu beharko da. Ikastaro honetan izena emateko azken eguna urriaren 18a, astelehena, izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide