Gipuzkoako Txorizo Lehiaketa egingo dute aurten Ardo Egunean

Uztarria.eus 2013ko urr. 9a, 20:08

Urriaren 26an izango da, eta upategien postuen bueltan egin ohi den festaren berrikuntza nagusia izango da. Euskadiko txorizo egile eta harakin guztiek har dezakete parte, hilaren 22a baino lehen izena emanez.

Urriaren 26an, hileko azken zapatuan, ospatuko da Ardo Eguna herrian. Upategien postuen bueltan plazan egin ohi den festak berrikuntza bat izango du aurten, egun berean Gipuzkoako Txorizo Lehiaketa egingo baita. Udalak antolatu du lehiaketa, txerri-harakin eta harakinen gremioaren laguntzarekin.

Udalak plazaratu dituen lehiaketaren oinarrien arabera, Euskadiko txorizo egile eta harakin guztiek har dezakete parte -horretarako lizentzia fiskala badute-, hilaren 23a baino lehen izena emanez. Izena emateko, berriz, bi aukera daude: txerri-harakin eta harakinen gremioaren Donostiako egoitzara (943 27 21 28 telefono zenbakia) zuzentzea, edota Udaleko Kultura sailera (943157068).

Hauek dira lehiaketaren oinarrietan jasotako gainerako baldintzak:

  • Lehiaketa eguneko goizean parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 2 kilo txorizo emango die antolatzaileei, arduradunek plaza Nagusian jarriko duten postura, eta horrela berretsiko du aurrez egindako izen-ematea.
  • Epaimahaia sukaldaritza arloko adituek osatuko dute.
  • Epaimahaiak honako hauek hartuko ditu kontuan, txorizoa epaitzerakoan: produktuak freskoan duen itxura, eta egosi eta gero duen zaporea.
  • Irabazlea punturik gehien jasotzen duena izango da, eta lehen saria ezin izango da hutsik geratu.
  • Antolatzaileek sari hauek banatuko dituzte: lehenengo saria, garaikur ziurtagiria eta diploma. Bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren tokian sailkatzen direnek diploma izango dute.
  • Lehiaketaren eguna 2013ko urriaren 26an izango da, goizeko 12:00etan, Azpeitiko plaza Nagusian.
  • Sariak egun horretan bertan, 13:00etan, banatuko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide