Hutsak garestiegi ordaintzen dira

Iraurgi eta Castelloren arteko partidako une bat.

Neurketa amaitzear zegoela galdutako bi baloik neurketa luzapenera eramateko aukera eman die Castellori, eta luzapen denbora horretan oso nagusi izan dira kanpokoak.

Zilarrezko LEB ligako 2013-14 denboraldiko lehen neurketa jokatu du gaur Azpeitia Azkoitia ISBk etxean eta kontrario benetan zailari egin behar izan dio aurre. Amics Castelló aditu guztiek mailaz igotzeko faborito garbietako bat dela aipatu dute eta ez da gutxiagorako, taldearen izen zerrenda zein den ikusita. Iker Buenorenek lehen garaipena bilatu nahi izan dute zaleen babespean, denboraldi hasiera zail honi beste umore batez aurre egin ahal izateko botikarik onena baita lehenbailehen garaipenak batzen hastea. Animorik ez zaie falta izan harmailetatik, Urola bailarako zaleak saskibaloi gosez zeuden dagoeneko eta kiroldegia ia bete egin dute taldeari behar zuen bultzada emateko.

Beharrezkoa zuten bultzada ISBkoek eta bere laguntzarekin Castellokoak baino gutxiago ez direla erakutsi nahi izan dute hasierako minutuetan. Partidua oso parekaturik joan da, bai puntuetan eta baita akatsetan ere. Kanpokoek hiruko marratik egin dute min batez ere, Garciak eta Fernandezek eskumuturra bero zutela erakutsi baitute. Gezurra badirudi ere, barruko jokoa omen du indartsuena Toni tenen taldeak, baina batez ere hortik egin dio min Azpeitia Azkoitia ISBk. Atoyebi ezagun zaharraren lehen falta eta gero, bi baloi jarraian lapurtu dituzte etxekoek eta kanpokoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du, ez zuelako bere taldea ondoegi ikusten. Faltaz josita zeuden gainera Castellokoak eta jaurtiketa libreen bitartez aurretik mantendu da Azpeitia Azkoitia ISB. Nahiz eta Nasarreren azken saskiratze bati esker 18 eta 19 amaitu den lehen laurdena. Bigarren laurdenean ere lehenengoan egon den parekotasuna ikusi ahal izan da kantxa gainean. Baina bazegoen ezberdintasun bat, etxekoek mantendu direla une oro aurretik. 2-3 puntu, gehiago ez, baina markagailuan agintzen. Talde moduan zebilen Azpeitia Azkoitia ISB, atzean sendo jokatzen, laguntza onak egiten eta erasoan ere aukera onenaren bila. Zyle gainera fin zebilen errebote lanean. Gutxika-gutxika markagailuko aldea zabaltzen hasi dira Iker Buenorenak. Guztia ez da ona izan ordea, errebote baten lehian Lander Lasak min hartu baitu ezkerreko orkatilan. Hala ere, lanean sendo jarraituz 34 eta 27 iritsi dira atsedenaldira Iraurgikoak aurretik.

Atsedenalditik bueltako lehen minutuetan etorri dira lehen arazoak etxeko taldearentzat. Erasoan ideia askorik ez kanpokoen presioari aurre egiteko eta gutxika-gutxika gerturatzen hasi dira kanpokoak. Uclesek gainera bere hirugarren falta egin du. Hala ere, lanean jarraitu dute eta bi defentsa on eginda, berriz gora etorri dira Iker Buenorenak aldea lehengora bueltatuz. Sowren laugarrena adierazi dute epaileek eta orduan Beñat Barberenaren falta sumatzen hasi da Azpeitia Azkoitia ISB kanpotarren barruko joko indartsuari aurre egin ahal izateko. Baina taldeak talde moduan jokatzen jarraitu du eta talde baten indarraren aurrean arazoak izan dituzte Toni Ten-en mutilek eta hirugarren laurdenaren amaierara 56 eta 49 iritsi dira. Kanpotarrek baina, Urrezko Adecco ligara igotzeko faborito zergatik erakutsi nahi zuten eta neurketa estutzen saiatu dira azken laurdena hasi bezain laster. Arazotan jarri dituzte etxekoak presio gogorra eginez eta baloi bat edo beste lapurtuta markagailuan gerturatzea lortu dute. Burua hotz mantendu beharra zegoen eta lortu dute, borrokan sendo jarraituta. Beste aukerarik ez zegoen, kanpotarrek zuten guztia emango zutelako, baina baloi inozo batzuk galdu arren, erasoan huts bat edo beste egin arren, aurretik mantendu da Azpeitia Azkoitia ISB Atoyebi ezagun zaharra agertu den arte. Hiru minuturen faltan jarri da aurretik aspaldiko partez Amics Castelló (63-64) eta orduan hasi da nabaritzen harmailen indarra. 5 eta 0ko partziala egin eta bazirudien etxean geldituko zela garaipena baina segidan galdutako bi baloik Castellori partidua berdintzeko aukera eman dio 20 segundoren faltan. Azken jokaldian Arrutik ez du hirukoarekin asmatu eta luzapenera joan da partidua. Fisikoki oso justu iritsi da denbora estra horretara Iraurgi eta kanpokoen kalitatearen aurrean ezer gutxi egin ahal izan du. Azkenean 75 eta 82.

Saskiratzaileak: (18-19/34-27/56-49/70-70/75-82)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit 7(), Arruti (15), Ucles (14), Zyle (12) eta Lasa (3) –bosteko nagusia- Oroz (5), Zubizarreta, Ibargutxi (7), Barberena, Guridi (4), Sow (8) eta Alberdi.

AMICS CASTELLÓ: Fernandez (12), Sales, Garcia (15), Faner (13) eta Atoyebi (15) –bosteko nagusia- Archiles, Alvarado (8), Ausina (8), Rodriguez (3) eta Nasarre (8).

MVP: Zyle (19ko balorazioa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide