Olatz Izagirre: "Ez da kasualitatea ezker abertzaleak estrategia aldatzean estatuak prozesua blokeatzea"

Uztarria.eus 2013ko urr. 14a, 11:33

Olatz Izagirrek gaur deklaratuko du epailearen aurrean.

Gaur, astelehena, hasiko da Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunaren eta beste 39 gazteren kontrako epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Uztarria herri aldizkariak 'Herriko tabernen auzia' eta 40 gazteren kontrako epaiket hizpide hartuta erreportajea osatu zuen urriko alean (aurki jarriko du webgunean), Arranoen arriskua izenburuarekin. Hona hemen Olatz Izagirreri egindako elkarrizketaren edukia.

Herriko tabernen auzia hasi baino hiru egun lehenago, urriaren 14tik (gaur) aurrera epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Olatz Izagirre (Urnieta, 1983) Azpeitiko bizilaguna, beste 39 gazterekin batera, Segiko kide izatea egotzita. Seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. 
 
Nola zaude epaiketa atarian? 
 
Guztiok dakigu herri honetan Madrilgo Audientzia Nazional horretatik notizi gaziak gehiago jasotzen direla pozgarriak baino. Azken batean, gatazka politiko baten erdian, proiektu independentistaren aurka erabiltzen den tresna da. Urdur nagoi, baina aldi berean indarrez, Euskal Herrian sortu den garai berri honetan konponbidearen  aldeko indarrak batzeko balio dezakeelakoan.
 
Segiko kide izatea egozten dizuete, baina zehazki zer leporatzen dizute zuri? 
 
Segiko zuzendaritzako kide izatea. Baina ezin dugu ahaztu akusazio horiek egiterakoan nire auzikideek inkomunikazioan torturapean eginiko deklarazio polizialetan oinarritzen direla, batik bat.
 
Nola izango da epaiketa? 
 
Momentuz, hamabi egun zehaztu dizkigute: urriaren 14, 15 eta 16an, azaroaren 3, 4, 5, 25, 26 eta 27an eta abenduaren 9, 10 eta 11n. Printzipioz, urrian deklaratzea tokatzen zaigunez, bertan egon beharko dut. Baina gainontzeko egunetan, nire haurdunaldia dela eta, eta azken txanpan nagoela ikusirik, Madrilera ez jaisteko eskaera egingo dugu.
 
Zer sententzia espero duzu? 
 
Audientzia Nazionalaren ibilbidea ikusita, ezer onik ez. Epaiketa politikoa da, eta kriminalizatu eta epaitu nahi dutena gure jarduera politikoa da, disidentzia politikoa. Hortaz, erabakia ere erabaki politikoa izango da. Ez da kasualitatea ezker abertzaleak estrategia aldaketa egin eta urrats esanguratsuak eman ditugunean gatazkaren konponbidean, estatuak hartu duen itxikeria eta konponbide prozesua blokeatzeko apustua.
 
Haurdun zaude. Zer nola eragingo dizu epaiketan hartuko den erabakiak? 
 
Sei urteko espetxe zigorrera kondenatzen banaute, eraikitzen ari naizen, garen bizi proiektua erabat baldintzatua izango da. Azken batean, lau urte eta erdiko espetxe zigorrra betetzea geratuko baitzait. Erabaki horrek gure bizitza herrian libre bizi edo Espainiako espetxeren batean lau urte eta erdiz bizitzea ekarriko dit, nire bikotekide, senide eta lagunengandik urrunduta. Hilabete gutxi barru haur bat izango dugu eta, ondorioz, familiaren banaketa emango litzateke; bai haurra kartzelan nirekin sartuko balitz, eta alderantziz, bestela. Egoera ez da batere xamurra; baina urteak pasatu ahal dira kalean baldintzapean egon eta epaiketa heldu bitartean, zure bizi proiektua erabat baldintzatuz. Hor daude Batasuna eta herriko tabernen adibidea, esaterako. Guk argi izan dugu ahal zen neurrian ahalik eta gutxien baldintzatu behar gintuela egoera horrek. Eta orain epaiketa hor dagoenean eta espetxearen mamua gure artean dugunean ere, pozik eta indartsu gaude bizitzako fase berri honi aurre egiteko.
 
Ihesaldia, atxiloketa, kartzela… Zer nola gogoratzen duzu esperientzia hura? 
 
Sentimendu ezberdinak biltzen dira aurreko esperientzia hartan. Azaroan lau urte beteko dira Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak 40 gazte independentisten aurkako sarekada eman zuenetik. Zorionez, ni ez ninduten harrapatu eta horrela bost egun guardia zibilen eskuetan, inkomunikaturik egotea saihestu nuen. Zoritxarrez, 32 gazte atxilotuak izan ziren eta haiek bai Guardia Zibilaren zein Polizia Nazionalaren eskutik torturak salatu zituzten. Hortaz, guzti horretatik libratu izana handia da. Gerora, ni eta beste hiru lagun Iparraldean atxilotu gintuzten eta espetxeratuak izan ginen Tolosako (Okzitania) Seysses kartzelan eta, egia esan, hasiera ez zen oso erraza izan. Bi hilabeteren ostean Espainiaratu ninduten, Soto del Real espetxera. Han, iritsi orduko, zortzi euskal presorekin elkartu nintzen, beraz aldea nabarmena izan zen. Eta garai hura, bere gogorrean ere oroimen oso politekin lotzen dut. Kideen artean sortzen den harremana oso berezia izaten da. Dena den, ezin ahaztu bikotekidearengandik, senideengandik, lagunengandik urrundua zaudela, dispertsioaren ondorioz astebururo errepidean jartzen diren pertsonekin sortzen den ezinegona. Eta, nola ez, beraien eskuetan aurkitzen zara eta egunerokoan sortzen dira talkak.
 
Zuen epaiketaren zain eta Herriraren kontrako operazioa etorri da. 
 
Aldarrikatzen ari gara epaiketa gehiago ez egiteko eta konponbide bidean urratsak emateko, eta bat-batean Herriraren kontrako atxiloketak ematen dira. Presoen eskubideak isilarazteko eta konponbidea zapuzteko beste adibide bat gehiago da. Herrira mugimenduak Euskal Herri mailan eragile eta iritzi desberdineko jendearekin egin duen lana eta lortu duen dena kontuan izanda, nik uste dut hain justu joan direla presoen eskubideen aldeko lan hori eta aldarrikapenak (preso gaixoak aske uztea, parotarekin bukatzea...) isilaraztera. Egoera honen aurrean erantzuteko eta egoera errepresibo guzti honekin bukatzeko, gure epaiketen aurka esaten genuen bezala, herri osoa altxa behar da, ezinbestean

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide