IV. Tuba Jaialdia ate joka

Uztarria.eus 2013ko urr. 14a, 19:52

Euskal Herriko eta inguruetako tuba eta bonbardino jotzaileek, adin eta maila guztietakoek, jarria dute hitzordua. Urriaren 25ean eta 26ean, laugarren urtez jarraian, Tuba Jaialdia egingo da Azpeitian. Aurtengo edizioa aurkeztu zuten zapatuan, urriak 12, antolatzaileek Sanagustin kulturgunean, prestatu duten egitarauaren berri eman eta jaialdian parte hartzeko gonbidapena luzatzeko.

Urriaren 25ean master class ikastaroarekin ekingo diote jaialdiari. Tubaren eta bonbardinoaren zortzi maisuk emango dute ikastaroa, hiru orduko bi saiotan banatuta. "Saio bakarrean aritu nahi dutenek 30 euro eta bietan aritzeko 50 euro ordaindu behar da. Oso prezio merkea da era horretako ikastaro batentzat, ez-ohikoa. Gainera, bazkaria ere prezioaren barruan sartu dugu", azaldu zuen antolakuntza taldeko Agustin Jimenez azpeitiarrak. Ikastaroan zein jaialdian parte hartu nahi dutenek tubajaialdia@hotmail.com e-posta helbidera idatzita eman dezakete izena, baita behar duten informazioa eskuratu ere.

Jaialdiaren lehen jardunaldia borobiltzeko, pianoz lagundutako tuba audizioa izango da Betharramen, 19:30ean. Beñat Etxabe, tuban Euskadiko gazte mailako txapelduna, eta Ana Garcia piano-jotzailea dira audizioa eskainiko dutenak. Gainera, Betharrameko saioan tuba-bonbardinoaren aitzindari moduan ezagutzen den ofigleiro edo figle izeneko instrumentua ezagutzeko aukera ere izango da, Oscar Abellaren eskutik. Abella bera eta Juan Carlos Ribelles Jimenezen alboan izan ziren zapatuko aurkezpenean, beste zenbait musikarirekin batera.

Urriaren 26a, berriz, "tubaren inguruko festa eguna" izango da, orain arteko edizioetan egindakoaren bidetik. "Iaz ipar eta hego Euskal Herriko 47 musikari elkartu ginen, oso egun polita izaten da", esan zuen Agustin Jimenezek, eta aurten esperientzia ona berritzea espero dute. 26an, goiz eta arratsalde ariko dira musikariak Tuba Jaialdiaren ekitaldi nagusia izango den kontzertua prestatzen. Soreasun egingo dute emanaldi nagusia, 19:30ean. Kontzerturako errepertorioa osatzearen ardura Juan Carlos Ribelles maisuarena da aurten ere eta, Sanagustinen aurreratu zuenez, "ikus-entzuleek eta musikariek ondo pasatzea" da bere aukeraketaren helburua. Horrela, besteak beste, Benito Lertxundiren poupourri bat, Juan Carlos Perezen eta Ravelen piezak eta zinemako soinu-banda ezagunak joko dituzte kontzertuan.

Antolatzaileek eskerrak eman zituzten Tuba Jaialdia egiten lagundu dieten guztiei, tartean Azpeitiko Udalari eta jaialdian zehar otorduetarako topaleku izango duten Arauntza soziedadeari. Eta, tubaren festarako aurrerapen txiki bezala, Ruben Fuentes mexikarrak sortutako La bikina jo zuten Sanagustinen aurkezpenaren hasieran eta bukaeran (bideoan, piezaren zati bat).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide