Aimar Irigoien nagusi Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketan

Uztarria.eus 2013ko urr. 15a, 12:20

Zazpigarren urtez jarraian irabazi du txapelketa errezildarrak. 105 altxaldi egin zituen guztira, eta bigarrenak, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak, berriz, 96 altxaldi.

Aimar Irigoienek Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa irabazi zuen herenegun, igandea, zazpigarrenez jarraian, Martutenen (Donostia). Errezildarra txapelketa irabazteko faboritoa zen eta erraz gailendu zen.

105 altxaldi egin zituen Irigoienek, eta 12.260 kilo jaso zituen orotara. Bigarrenak, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak, 96 altxaldi egin zituen, eta 11.185 kilo jaso ahal izan zituen guztira. Josetxo Urrutia nafarra izan zen hirugarrena, 70 altxaldi eginda (8.206 kilo). Jose Astorkia ere parte hartzekoa zen, baina ez zen agertu probara.

Irigoienek 30 altxaldi egin zituen 125 kiloko harri laukizuzenarekin. Beste 30 altxaldi 125 kiloko koparekin, 20 altxaldi 113 kiloko kubikoarekin eta 25 altxaldi 100 kiloko bolarekin. Bigarrenak, Izena IV.ak, kubikoarekin altxaldi kopuru berdina egin bazuen ere, laukizuzenarekin lau altxaldi gutxiago, zilindroarekin hiru gutxiago eta bolarekin bi gutxiago egin zituen.

Hurrengo proba

Irigoienen hurrengo erronka Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa izango da. Abenduaren 22an jokatuko dute, Asteasun, eta Irigoienek sei txapel lortu ditu harri handien txapelketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide