Ostegunerako elkarretaratzea deitu dute Corrugados Azpeitiako langileek, urriaren 29ko epaiketaren aurrean

Uztarria.eus 2013ko urr. 15a, 19:16

"Ezin dugu Gallardok erabiltzen duen erantzukizun gabeko joko hau onartu eta, horregatik, salatu nahi dugu Gallardoren erabakia eta inposaketa, eta Madrilen egingo den epaiketan gure eremu naturaletik kanpoko epaileen eskuetan gure etorkizuna uztea ere bai", esan du Enpresa Batzordeak ohar bidez. Urriaren 17an, 10:30ean elkartuko dira plazan.

Hamabost egun barru, urriaren 29an, Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dute Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitiari ezarritako kaleratze txostena (LET). Data horri begira, Azpeitiko lantegiko Enpresa Batzordeak mobilizaziorako deia egin du, "herritarren babesa eta eskualdeko enpresa batzordeen atxikimendua ere" eskatuz. Horrela, ostegunean, urriak 17, elkarretaratzea egingo dute Corrugadoseko langileek plazan, udaletxe aurrean, 10:30ean.

Madrilen egingo den epaiketa hori eta, bide batez, Gallardo Taldearen jokabidea salatu nahi dituzte beste behin abuztuan ateak itxi zituen lantegiko beharginek. Kaleratze LET-aren bidez, salatu nahi dute, "338 langile kaleratu nahi dituela Gallardok Urola eskualdean. Madrilen epaituko dela 338 familiren etorkizuna eta, ondorioz, Urola eskualdeko etorkizuna ere". Enpresa-jabeen "jokoa" eta "inposaketa" arbuiatu dituzte langileek. "Ezin dugu Gallardok erabiltzen duen erantzukizun gabeko joko hau onartu eta, horregatik, salatu nahi dugu Gallardoren erabakia eta inposaketa, eta Madrilen egingo den epaiketan gure eremu naturaletik kanpoko epaileen eskuetan gure etorkizuna uztea ere bai", esan du Enpresa Batzordeak ohar bidez, ostegunerako deia eginez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide