Txinan bukatu duzue denboraldia. Emaitza oneak lortu dituzue, ezta?
Baietz esango nuke. Lasterketako sailkapen nagusian hirugarren egin dut Txinan, eta taldeka irabazi egin dugu. Etapa guztietan aurreneko hamarretan ibili naiz, laugarren, hirugarren… Beraz, gustura nago.
Aurreneko denboraldia egin duzu profesionaletan. Orokorrean, denboraldia zer moduz joan zaizu?
Profesionaletan lehenengo urtea izateko ondo joan zaidala uste dut. Aurreneko hamarren artean sailkatu naiz beste lauzpabost aldiz, eta Txinan ere hala ibili naiz. Profesionaletan ondo moldatu naizela esango nuke. Esperientzia positiboa izan da. Azken finean, horixe da egin nahi dudana.
Aurtengo denboralditik zein proba gelditu zaizu gogoan?
Alentejon (Portugal) esprintera ailegatu nintzen bat. Azkenean laugarren egin nuen, baina irabazteko aukera asko neuzkan, eta oso markatuta gelditu zitzaidan hura. Han hasi nintzen sinesten sprinterako balio nuela.
Profesionaletako esperientzia ona izan da, baina taldeak segitzeko arazoak ditu.
Denboraldiaren erdialdera esan ziguten taldeak segitzeko arazoak zeuzkala. Aurten jaso beharreko dirurik ez du jaso, eta aurreko urteetako aurrezkiekin korritu ditugu lasterketak. Gauza aldatuko ez balira, taldeak ezingo lukeela segitu esan ziguten aurrez. Azken lau hilabeteak datorren denboraldirako talderik izango ez dugun kezkarekin egin ditugu. Alde horretatik gaizki geunden, baina lasterketetan maila eman dugu. Orain esan digute %98ko aukera dagoela hurrengo denboraldian taldeak ez jarraitzeko. Ziur-ziur hila bukatu aurretik jakingo dugu. Euskadi Fundazioa taldean hamar txirrindulari gaude, eta inork ez daukagu ezer datorren denboraldirako. Ari gara beste taldeetara deika, baina inork ez dauka hutsunerik.
Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.