Gaur hamar urte Mikel Azkune azpeitiarra atxilotu zuten, 'Egunkaria'-ren enpresa taldearen kontrako operazioan

Berria.info, Uztarria.com 2013ko urr. 16a, 16:13

Gaur, urriak 16, hamar urte Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, eta zortzi lagun atxilotu zituen. Tartean, Mikel Azkune Egunkaria-ko langile ohi azpeitiarra. Biharko egunez hamar urte, berriz, Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatu azpeitiarra atxilotu zuten, aurreko egunean hasitako operazioaren barruan.

Gaur, urriak 16, hamar urte Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak. Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, zortzi lagun atzeman zituen, eta Mikel Azkune azpeitiarra (Egunkariako langilea zen hura itxi zutenean) zen atxilotuen artean. Azkunez gain, Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra ere atxilotu zituzten.

Atxiloketa horien hurrengo egunean, biharko egunez hamar urte, Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatu azpeitiarra atxilotu zuten, Egunkaria SAren enpresa egituraren eta Buruntzape SL Martin Ugalde Kultur Parkeko enpresa kudeatzailearen kontrako operazioaren barruan.

Urriaren 21ean, atxilotu guztiak libre geratu ziren. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik ordaindu gabe, eta Azkune, Sorozabal, Sors, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.

2010eko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen berak ez zuela egingo Egunkaria-ko auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa, kasuan delitu "terroristaren" zantzurik ez dagoela iritzita. Haren arabera, legokeen delitua ustezko iruzur fiskala litzateke ("ohiko delitua"), eta, hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskuduntza, Gipuzkoakoaren esku utzi zuen auzia.

Zigor eskaera, guztira, 128 urteko kartzelakoa eta 221 milioi eurokoa da. Hemezortzina urte eta lau hilabeteko zigorra eskatzen dute Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu eta Txema Auzmendirentzat; hamahiru urte eta bederatzi hilabetekoa Mikel Sorozabal eta Fernando Furundarenarentzat; eta bederatzi urte eta bi hilekoa Begoña Zubelzurentzat.

Gaur eta bihar beteko dira hamar urte operazio hartatik, eta operazio hura Euskaldunon Egunkaria itxi eta zortzi hilabetera etorri zen. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide