'Euskaraz bizi nahi dut' herri lasterketa egingo da ostiralean

Uztarria.eus 2013ko urr. 16a, 21:01

Iaz ere egin zen 'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izen bereko ekimenaren barruan, bigarren urtez izango da euskararen alde herriko kaleetan korrika ibiltzeko parada. 19:00etan abiatuko da lasterketa plazatik. Edonork har dezake parte lasterketan, baina diruz lagundu nahi dutenek 17:00etatik aurrera izango dute izena emateko modua.

Euskaraz bizitzeko nahia agertzea helburu, Euskaraz bizi nahi dut (EBND) herri lasterketa egingo da bigarren urtez Azpeitian. Ostiralean, urriaren 18a, izango da. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren izen bereko ekimenaren barruan kokatutako hitzordua izango da; Kontseiluarekin batera, Azpeitiko euskalgintzako erakundeek eta Udalaren Euskara Batzordeak ere babesten dute ekimena.

Edonork izango du lasterketan parte hartzea. Hala ere, diruz lagundu nahi dutenek 17:00etatik aurrera plazan ezarriko den mahaian izena eman ahal izango dute, ordainduta. 14 urte bitartekoek 2 euro ordaindu beharko dute eta helduek, berriz, 5 euro. Era berean, nahi duenak kamiseta erosteko aukera izango du, 5 eurotan.

Lasterketa bera 19:00etan abiatuko da, plazatik. Sailkapenik ez da izango, baina diruz laguntzen duen parte-hartzaile bakoitzak diploma jasoko du oroigarri gisa. Diploma bakoitzak zenbaki bat izango du, egunean bertan egingo den zozketan parte hartzeko balioko duena. Horrela, parte-hartzaileak MP4 bat, bi DVD eramangarri, EBND motxila bat eta EBND sari ezberdinez osatutako lau sortaren zozketan sartuko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide