Bi hitzordu astebururako, Lagun Onak Mendi Bazkunaren eskutik

Uztarria.eus 2013ko urr. 17a, 11:02

Zapatuan Errioxara egun pasa egingo dute, eta zortzi kilometroko itzulia egin ostean, upategian bazkalduko dute. Iganderako, berriz, BTT irteera prestatu dute, eta Izarraitzen barrena egingo dute itzulia, bizikletaz.

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi irteera antolatu ditu astebururako. Zapatuan Cañon de Lezan (Errioxa) itzulia egingo dute, eta gero Olarra upategira joango dira bazkaltzera. 07:00etan abiatuko dira autobusez plazatik, eta Soto en Camero (Errioxa) joango dira. Handik Cañon del rio Lezara joango dira, zortzi kilometro inguruko ibilaldia eginda. Ondoren, Logroñoko Olarra upategia bisitatu eta bertan bazkalduko dute. 17:00ak aldean itzuliko dira Azpeitira.

Gaur, osteguna, da izena emateko azken eguna, eta mendizaleen tabernan, lagunonak@euskalnet.net helbidean edo Lagun Onak Mendi Bazkunaren wegunean egin daiteke inskripzioa. Bazkideek bidaiagatik sei euro ordaindu beharko dute. Ikasle eta langabetuek lau euro, eta gainontzekoek hamar euro. Bazkaria, berriz, egunean bertan ordaindu beharko da.

BTT irteera igandean

Zapaturako Errioxara ibilaldia antolatu badute ere, igandean BTT irteera izango da. Horrenbestez, 09:00etan kiroldegi aurrean elkartu, eta Izarraitzera itzulia egingo dute bizikletan. Xoxoteko aterpean egingo dute hamaiketakoa, eta bost euro ordaindu beharko da. BTT irteera teknikoki erdi mailakoa bada ere, fisikoki nahiko gogorra dela ohartarazi dute antolatzaileek. Itzulia bukatutakoan dutxatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide