Zeinek esan du?

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko urr. 17a, 14:44

"Zeinek esan du?". Kontatzen diodana kontatzen diodala, beti galdera hori egiten du nire inguruko batek. Berdin dio aktualitateari lotutako zerbait kontatzen diozun, kalean entzundako zerbait aipatzen diozun edo, besterik gabe, eguraldiaz hitz egiten diozun; zure kontakizuna entzun eta berehala galdetuko dizu: "Zeinek esan du?". Automatikoki egiten du, umeek "zeba?" galdetzen duten tonu berezi horretan eta ernegatu egiten nau askotan."Zeinek ez, zer!" erantzuten diot.

Baina azken asteotako gertakariek erakutsi didate lagun horren ustezko maniak gainerakoon bertute falta erakusten duela. Adibidez, ez da berdina, Herriraren kontrako operazioa hasi eta berehala "ETAk disolbatu egin behar du" Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek esatea ,edo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esatea. Ez, ez da berdina. Ez da berdina, "ongietorri" milaka euskalherritarrek esatea edo Fernandez Diaz ministro horrek berak esatea. Ez. Ez da berdina. Ez da berdina operazio polizial hori "sekulako disparate politiko eta juridikoa" dela Jesus Egiguren PSEko EAEko presidenteak esatea edo Sortuko dozenaka ordezkarik esatea. Ez da berdina, ez, hitz bertsuak esanagatik, batzuei eta besteei ekartzen dizkioten ondorioak guztiz ezberdinak direlako; bai moralki, bai etikoki eta baita legalki ere.

Eta zeinek horri itsu-itsuan sinestea? Gure amona zenak gauza batzuk kontatzerakoan beti aurretik informazioaren iturria ematen zuen: "Telebistak esan du ez dela giro Nafarroa alde horretan"; edo: "Irratiak esan du Garaikoetxea Azpeitian izango dela". Telebistak edo irratiak esatea nahikoa zen benetakotzat jotzeko. Bi belaunaldi beranduago, oraindik ere entzuten dut joera hori inguruan, "periodikoak ekarri du" esanez. Baina, ez da berdina Diario Vascok Herrira gehienbat "ETAko kideei goratzarre" egitera dedikatzen zela esatea, edo Berriak Herriraren "Give peace a chance" aldarrikatzea, edo Garak itsasoari langarik ezin zaiola jarri nabarmentzea. Ez da berdina. Zeinek esan dun garrantzitsua da, baina zeinek hori nor den, nondik edaten duen eta noren alde aritzen den ere bai.

Ardo bat zor diot nire lagun horri, "zenek esan du?" galdera berriro ere aktibatu didalako. Berak ere zor dizkit bakarren batzuk, "zeinek ez, zer!" martxan jarri diodalako. Pixka baterako txikiteoa badaukagu, Madrilgo makroepaiketek ekarriko dizkigunak ondo galdetu beharrekoak izango dira eta. Ez baita berdina Grande Marlascak Segi "ETAren akademia" zela esatea eta Olatz Eizagirre auzipetuak euren jarduera erabat politikoa dela erantzutea. Eta ez baita berdina Baltasar Garzonek herriko tabernek ETA finantzatzen zutela esatea eta Mikel Arregi Ertxin auzipetuak gerra egitea bakea egitea baino errazagoa izan arren herritarrak elkartu eta aurrera egiteko beharra aldarrikatzea.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide