68 auto gidarik eman dute izena igandeko Urrakiko Igoerarako

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko urr. 18a, 17:03

Antolatzaile, parte-hartzaile eta babesleak igoeraren aurkezpenean. (E. MATURANA)

Herriko hamabi gidarik hartuko dute parte probaren XXXI. edizioan. Lehiatzekoak diren autoak bihar, zapatua, arratsaldean ikusgai egongo dira epaitegi aurrean. Etzi, 10:00etan hasiko da lasterketa.

Urrakiko Igoeraren XXXI. edizioa jokatuko da igandean Azpeitia eta Bidegoian arteko errepidean, 10:00etan hasita. Lagun Artea Eskuderiak antolatzen dituen proba gehienetan bezalaxe, Urrakikoak ere parte-hartze garrantzitsua izango du aurtengo honetan: 68 auto gidarik eman dute izena. Plaza bakarreko autoekin ariko direnen artean irabazteko faboritoak dira Aitor Zabaleta (Lola BMW), Aitor Arakistain (Silver Car S2) eta Joseba Iraola (Silver Car S2); turismoetan, berriz, ikusmina sortu du Jose Antonio Lopez-Fombonaren parte-hartzeak, DTMko Audi Quattro autoarekin. Asturiarra bost aldiz Espainiako txapelduna izan da mendiko auto lasterketetan, "bere autoa Urrakirako ez da egokiena, baina onena erakusteko ahaleginak egingo dituela ziur gaude", azaldu dute probaren antolatzaileek.

Bailarako hamasei gidari

Azpeitiko eta bailarako hamasei auto gidarik dute izena emanda igandeko lasterketarako. Hauek dira aterako diren azpeitiarrak: Joxe Labaka (Mitsubishi EVO V), Xabier Beloki (BMW M3 E36), Iñaki Alberdi (Ford Escort MK-II), Jon Arregi (Abarth Punto EVO), Garikoitz Zubizarreta (Renault Clio Williams), Jokin Aiertza (BMW 325i), Arkaitz Ayuso (Citroën Saxo VTS), Ander Mitxelena (Opel Astra GSI 16V), Ekain Otaegi (Ford Escort RS2000), Gorka Otaegi (BMW 320), Imanol Zabala (BMW 325i) eta Aritz Uzkudun (BMW 325i).

Urrakiko Igoerako parte-hartzaileek bihar, zapatua, pasatuko dituzte proba teknikoak eta 16:00etatik aurrera proban parte hartuko duten autoak Azpeitiko epaitegi aurreko aparkalekuan egongo dira.

Igandean jokatuko da lasterketa, 10:00etan entrenamendu saioa hasita. Segidan, bi aldiz egingo dute Azpeititik Urrakirako 6,5 kilometroko igoera. Lagun Artea Eskuderiakoek azaldu dutenez, lasterketa eta parte-hartzaileen denborak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da www.fotomotor.es webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide