Beñat Lizaso eta Jokin Uranga, Legazpitik finalaurrekoetara

Uztarria.eus 2013ko urr. 19a, 23:11

Kanporaketako bertsolari guztiak oholtzan.

Beñat Lizaso bigarren izan da, Igor Elortzaren atzetik, 643 puntu eskuratuta. Jokin Uranga, berriz, hirugarren sailkatu da gaurko saioan, 637 puntu batuta. Gaur Legazpin lortutako puntuazioari esker, finalaurrekoetan izango da Lizaso, eta Urangak ere aukera asko ditu. Hemen Bertsoa.com webguneak Legazpiko kanporaketaren ostean bertsolarien balorazio hitzekin egindako bideoa.

Gaur, zapatua, jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. 700 bat lagun izan dira saioa ikusten, eta Igor Elortza nagusitu da 679 puntu eskuratuta. Horrenbestez zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara.

Beñat Lizaso izan da bigarrena, 643 punturekin, eta Jokin Uranga hirugarrena 637 puntu batuta. Horien atzetik sailkatu dira Iñigo Mantzizidor Mantxi (632,5), Ainhoa Agirreazaldegi (600,5) eta Oihana Bartra (587).

Lortutako puntuazioari esker, Lizaso ere finalaurrekoetan izango da, eta Urangak aukera asko ditu, azken kanporaketaren faltan. Seigarren eta azkeneko kanporaketa hurrengo larunbatean jokatuko da Oionen (Araba). Honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza.

Oraingoz, zuzenean (kanporaketak irabazita), Igor Elortza, Jon Martin, Agin Laburu, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira finalaurrekoetarako, eta ikusteko dago zein izango diren hurrengo faseko multzoa osatuko duten 18 bertsolariak. 

Hemen momentuko sailkapen orokorra.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide